«Herritarren erantzun apartari» segida emateko, kulturaz bustitako udazkena

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 6a, 00:00
Koro Etxeberria, Nagore Irastortza eta Ainara Aiestaran, udazkeneko kultur programazioaren aurkezpenean.

Egitarau anitza aurkeztu zuten atzo, diziplina askotako emanaldiekin. Basabi taldeak joko du Biterin urriaren 21ean, eta Olatz Salvador etorriko da azaroaren 25ean.

Testuinguru baikorraren babesean aurkeztu zuten atzo, Biterin, udazkeneko kultur programazioa. «Ikaragarria» izan da herritarren erantzuna, udako egitarauaren barruan eta Hitz Andana jaialdian antolatu diren ekintzetan, Koro Etxeberria kultura zinegotziak nabarmendu zuenez: «eskerrak eman nahi dizkiet, parte hartu duten guztiei. Talde, artista eta sortzaileei, eskaini dizkiguten lanengatik eta elkarrekin gozatzeko aukera emateagatik; eta herritarrei, eman duten erantzunagatik, eta izan duten errespetuzko jarreragatik. Kulturaz gozatu, elkar zainduz leloa gure egin dugu».

Eta horrek eraman zituen, Koro Etxeberria bera, Nagore Irastortza kultur teknikaria, eta Ainara Aiestaran liburutegiko langilea, atzokoan indarberrituta aurkeztera udazkeneko programa. Ohi bezala, «aukera anitza» izango dela adierazi zuen zinegotziak, diziplina bakoitzean adin guztietarako  emanaldiak pres­tatuta. Eta nabarmendu zuen, haundia izango dela herritarren presentzia, artista eta taldeen artean: «aberastasun haundia daukagu Hernanin, eta tokiko artista askok hartuko dute parte programazioan». Horregatik, gon­bitea luzatu zien herritarrei: «pandemiak erakutsi digu, horrelako aukerak herrian izatea oso onuragarria eta beharrezkoa dela».

Literatura bete-betean martxan, ikasturtearekin

Emakumeen euskal literatura mintegiarekin eman zioten ha­siera atzo, Kattalin Minerren eskutik, larunbateko Hernaniko Liburu Azokan aurkeztu zuten liburu batekin: Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren. Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da izango dute hizpide azaroko saioan, eta Nerea Loiolaren Epizentroa abenduan. Hilabete honetan hartuko dute martxa literatur solasaldiek ere, eta hilean bi saio izango dira: urrian, Benito Pérez-Galdósen Tristana (hilak 13), eta Fermin Etxegoienen Autokarabana (19) hizpide. Eta ipuin kontaketei ere ekingo diete, Lur Kortak urriaren 22an eskainiko dituen bi saioekin (17:30etan eta 18:15etan).

Horiek guztiak aurkeztu zituen Ainara Aiestaranek, eta gogorarazi zuen, literatur solasaldietarako ez dela beharrezkoa liburu osoa irakurrita izatea. Solasaldietan landuko dituzten liburu guztiak daude eskuragarri, liburutegian. Aiestaranek berak ere, eskertu nahi izan zuen Hitz Andanako saioek izan duten harrera ona, eta herritarren aldetik jaso dituzten esker oneko hitzak. «Oso balorazio ona egin dugu liburutegitik».

Eta gainerako kultur emanaldi eta ekintzen berri eman zuen Nagore Irastortzak, azkenik. Nabarmendu zuen, «aktibatzen hasi» direla Musika Banda, Txistulari Banda edota Hernani Musika Eskola; eta kontzertuak eskainiko dituztela udazkenean. Horrela, Musika Bandak  kontzertua eskainiko du urriaren 16an Ereñotzun; Gau bel­tza kale buelta egingo du hilaren 31n, eta Santa Zeziliako kontzertua prestatu du azaroaren 20rako, Atsegindegin, Aldapeko Basque Latin Jazzekin. Santa Zezilian ekingo diote, Txistulari Bandak eta Musika Eskolak ere.

 

Basabi taldea urriaren 21ean, 'Kronos' diskoa aurkezteko

Hitzordu gehiago ere izango ditu musikak Hernanin, udazkenean. Horrela, Basabi taldeak joko du Biterin, urriaren 21ean, 19:30etan. Kronos bere aurreneko diskoa aurkeztuko du bertan, musika klasikoa eta txalaparta bere ohiko eremuetatik kanpo zabalduz, Sergio Lamuedra txalapartari hernaniarra taldean dela. Azaroaren 25ean, berriz, Olatz Sal­vador etorriko da, bere bigarren lanarekin: Aho Uhal. Eta abenduan, Iparragirre eta Lete: Bi min kantuan saio berezia es­kainiko dute, Joxan Goikoetxeak sortutakoa, beste hainbat hernaniarren partehartzearekin.

Dantza izango da protagonista Nahastekak atalean, Dantzaz konpainiaren Bat ikuskizunarekin, abenduaren 16an. Eta ez du hutsik egingo antzerkiak ere. Urriaren 30ean, Tormesko Laxaro eskainiko du Pedras de Cartón konpainiak, istorio klasikotik abiatuta, familian gozatzeko komedia taula gainera ekarriz. Eta azaroaren 16tik 18ra izango da Antzerki Zikloa: Ameriketako bidaia (Ttanttaka), Shakespeare en Berlin (Arden), eta Lubaki lainotsua (ATX Teatroa).

Eta erakusketei dagokienez, nabarmentzekoa da Burgosko prozesua: Frankismoari epaiketa, azaroaren 30etik abenduaren 18ra jarriko dutena, Biterin, Udal Artxiboak, Aldundiak eta Aranzadik. Horrekin lotuta, ekintza eta hitzaldi gehiago izango dira hilabete horretan.

Urriko emanaldietarako sa­rrerak gaur jarriko dituzte salgai, kultura.hernani.eus webgunean eta Biterin; eta gainerakoak, dagokien hilabetearen hasieran.

AGENDA OSOA IKUSGAI, HEMEN

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!