Burujabe izateko aurreneko pausoa eman du Hernanik, «eraldaketaren bila»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 00:00

Arlo ezberdinetan burujabetza lantzen ari diren taldeetako ordezkariak, Xabier Lertxundi alkatearekin eta Irati Sarasua aurkezlearekin. Argazkia: Hernaniko Udala

Atsegindegi bete zuten herritarren aurrean, Hernani Burujabe herri proiektua aurkeztu zuten ostiralean, Udalak eta burujabetza ezberdinak lantzen ari diren eragileek.

Zita garrantzitsua zeukaten hernaniarrek, ostiral arratsaldean, Atsegindegin: Hernani Buruja­be herri proiektua aurkeztu zu­ten bertan, plaza bete zuten 160 herritar ingururen aurrean. El­karlanean ari dira Udala, herri­tarrak eta Hernaniko sektore ekonomikoa, proiektua lantzen.

Etxe bat topatu zuten bertaratuek, etxe baten itxura hartu baitzuen Atsegindegik: Hernani hernaniarren etxe bezala irudi­katu nahi izan zuten horrela. Irati Sarasua kazetari hernaniarrak gidatu zuen saioa, eta proiektuan parte hartzen ari diren herritarren bisita jaso zuen, etxe horretan.

Mikel Valero izan zen aurrenekoa, proiektuaren abiatzea dinamizatzen aritu den kideetako bat. Bizi ditugun «krisi anitzen egoera» azaldu zuen berak: zaintzen krisia, krisi klimatikoa, arrakala soziala... Eta azpimarratu zuen, eraldaketarako grina azaleratu zela konfinamendu garaian, baina beharrezkoa zela «inurri lana egin eta guztiari forma konkretu bat ematea. Eraldaketa bilatzen duen proiektu batean lanean ari gara Hernanin. Ari gara saiatzen guzti horiek artikulatzen, proposamen bat egiten, gizarte berri baterako».

Xabier Lertxundik, Hernani­ko alkateak, har­tu zuen Valero­ren tokia gero, Irati Sarasuaren ondoan. Eta pro­iektuaren asmoak azaldu zituen berak ere: «planteatzen ari garena da, Hernaniko beharrei, herritarrok dauzkagun beharrei, nola erantzun herriko eragile ezberdinekin; herritarrekin, Udalarekin eta sektore ekonomikoarekin. Horretarako gakoetako bat da herritarrak ahal­duntzea. He­rritarren inplikazioa ezinbestekoa da aurrera egiteko». Eta har­tara, mezu zehatza helarazi zien herritarrei: «gure saltokien alde, gure ekoizleen alde, gure herritarren lan-baldintzen alde egiten badugu, gure kultura babesten badugu, gure ingurumena zaintzen badugu, Hernaniren alde eta gure alde egiten ari gara».

Burujabetza, hainbat bide helmuga berberarekin

Proiektuaren nondiko norakoak kokatu zituzten Valero eta Lertxundik; eta ondoren, burujabetza ezberdinak lantzen ari diren herritarrak igo ziren taula gainera. Izan ere, hainbat arlo eta sektoretan ari dira burujabetza lantzen Hernanin; hainbat bide dituen proiektua baita burujabetza, helmuga berbera dutenak.

Elikadura burujabetzari egin zioten tokia aurrena, Kontxi Zubiondo eta Ibon Zapiainen eskutik. Herrilur kontsumo taldekoa da Zapiain, eta azaldu zuen, «ba­serritarron eta herritarren arteko bitartekaria» dela Herri­lur: «baserriko produktuak eta balioak herritarrei eskainiko dizkien talde bat da. Ikusi dugu, bakarka baino askoz ere indartsuagoak garela kolektiboki. Zu­biondo, berriz, Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkarteko kidea da: «he­rritarren eta baserritarren arteko zubiak eraikitzeko asmo honekin, guztiok daukagu irabazteko», nabarmendu zuen.

Energia burujabetza ere bada proiektuaren oinarri, eta hori ari da lantzen herritar talde bat ere. Mikel Tolosak azaldu zituen talde horren asmoak, ostiraleko hitzorduan: «energian ere burujabetzarantz pausoak eman nahi ditugu, eta trantsizio energetiko juxtu bat sustatu». Bide horretan, dagoeneko landu dituzte bi proiektu tekniko: Zubipeko harmailetako estalkian zein Ereñotzuko frontoikoan eguzki plakak jartzea, energia sortzeko.

Toki nabarmena dauka zaintzak ere, Hernani Burujabe proiektuan. Eta hori lantzen ari den taldearen izenean aritu zen Elisa Pereiro, Atsegindegin: «gure helburua da, zaintzen demokratizazioa eta bizi baldintza duinak lortzea, bai zaintzen ditugun pertsonentzat, eta baita zaintza lanez arduratzen garenontzat ere». Helburu horrekin, zerbitzu berri bezain berritzailea ari dira lantzen: bakardade egoeran dauden pertsonentzako akonpainamendu sozialeko sarea. Laster jarriko dute martxan, zerbitzu hori.

Eta azkenik, Oihane Fernandez merkataria igo zen Sarasuaren ondora, merkataritza eta monetaren alorraren ordezkari. «Gure herrian lortu nahi duguna da gure nortasuna mantentzea, kanpotik eskaintzen diguten sistema ekonomikoa ez dugulako gustuko. Merkataritzatik lortu nahi dugu Hernaniko kaleak kolorez eta jendez beteta egotea». Bide horretan, zenbait urrats eman dituzte dagoeneko: urte hasieran jarri zituzten martxan denden erakusleiho digitala eta banaketa zerbitzua; eta orain gutxi aurkeztu zuten Ekhi Hernaniko txanpona ere.

Informazio guztia eskura, 'burujabe.hernani.eus' gunean

Aurreko asteotan, herriko talde, elkarte eta eragileei aurkeztu diete Hernani Burujabe proiektua; eta ostiralean, formatu atsegin eta gertukoan, musika ere lagun zutela, herritarren aurrean aurkeztu zuten. Edonola ere, proiektuari buruzko informazio guztia eskuragarri da­go interneten: burujabe.hernani.eus.

Eta burujabetzarako bidean, hurrengo pausoa ere jarri du herritar talde batek: urriaren 22an eta 23an, jardunaldiak antolatu dituzte Iturolan, burujabetzaren inguruan; eta bertan ere izango dute aukera herritarrek, Hernani Burujabe hobeto ezagutzeko.

Hitzordu horretan zein etorriko direnetan, eraldaketarako pausoa ematera gonbidatu dituzte herritarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!