Irazustabarrenak eta Arrietak partidu gogorra irabazi diote Su-Berriri

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 00:00

30-24 lortu dute garaipena eta bigarren mailan Goikoetxeak eta Balerdik 18-30 galdu dute Eizmendi ahizpa aiarren aurka.

Gipuzkoako binakako txapelketako partiduak jokatu dira asteburuan eta lehenengo mailan Irazustabarrena eta Arrietak garaipen estua, 30-24, lortu zuten Su-Berriren kontra. Partidua oso gogorra izan zen nahiz eta Hernaniarrak beti aurretik joan. Hasierako abantailari esker partidua irabaztea lortu zuten. Su-Berriko Arrillagak, oraingoan aurrelari bezala, sekulako lana egin zuen bai onerako eta bai txarrerako.

Ariane Arrieta atzean oso  sendo aritu zen eta hainbat alditan errebotetik eraman behar izan zituen pelotak. Irazustabarrenak aurrean sartu ahal izan zuenean (aukera gutxi eduki zituen) tantoa bukatzea lortu zuen. Erasun atzelariak ere defentsa ona erakutsi zuen, baina atzean Arrietak dominatu zuen partidua.

Bigarren mailako partiduan, Hernaniko taldean, bi aurrelarik elkarrekin jokatu zuten (Goikoetxea eta Balerdi) eta Aiaren aurka 18-30 galdu zuten. Balerdik atzean ongi eutsi zion Eizmendiri, baina ahizpa aiarrak faborito dira aurtengo txapelketan nagusi izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!