«'Xuhurra' ipuina ez da fikzioa, desgaitasuna duten pertsonei gertatzen zaizkien trabak kontatzen dira»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 00:00

'Xuhurra' ipuinaren ilustrazioak Miguel Angel Oribek egin ditu. Gaur ikusgai izango dira, ipuinaren kontakizunaren ondoren.

Gaur arratsaldeko 18:00etan, Xuhurra ipuina kontatuko du Jexux Eizagirrek Biterin, eta hika izango da. Gaztelaniaz entzuteko aukera ere izango da. 

Kultura, Lankidetza eta Gazteria eta Kirol Departamentuak Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatuko ditu seigarren urtez. Europako Kontseiluak jarri zuen abian ekimena, ondareari balioa emateko, herritarrak harengandik hurbilago egoteko eta ondarearen kontserbazioaren eta transmisioaren garrantziaz sentsibilizatzeko. Halaber, nabarmendu nahi du, kultura ondasunek gizartea kohesionatzen eta kultura nortasuna indartzen dutela. Hain justu, honako lelo hau proposatu du Europako Kontseiluak 2021eko jardunaldietarako: Ondare irisgarria eta inklusiboa.

Antolatu diren jardunaldi hauekin, aldarrikatu eta ikusarazi nahi da ondarea gizarte osoari dagokiola, osatzen duten pertsona guztiei, eta , beraz, kolektibo sozial guztiengana iritsi behar duela. Hain justu, horregatik, eta aurten inoiz baino gehiago, antolatzaileek herritarrak gonbidatu  dituzte ondarea ezagutzera; «herritarren eskura jarri eta gure esku utzitako ondarea zabaltzeko orduan inklusiboak izatea, izan ere, ondare horrek egiten gaitu, garena» gaineratu dute. 

Hau kontutan izanik Koxka Elkarteko Jexux Eizagirrek eta hainbat kidek Xuhurra liburua ondare izatea lortu dute, hainbat argudio eta lan ugari egin ostean. Eizagirrek azaldu du gainera, Elkartu elkarteak eman zuela jardunaldi hauen berri, «aurkeztu genion Gipuzkoako Foru Aldundiari ondarea guretzat zer zen, eta hor mahai gainean  jarri genuen Xuhurra liburua, pentsatzen genuelako izan zitekeela ondarea».

Koxka elkarteak lortu du beraz, Xuhurra ipuina ondare gisa kontsideratzea, eta gaur arratsaldeko 18:00etan eskainiko dute, ipuin honen kontaketa. Jexux Eizagirre izango da ipuin kontalaria eta hika jardungo du. Ilustrazioak, ipuina kontatu ostean erakutsiko dira, eta itzulpen zerbitzuari esker, ipuina gaztelaniaz entzuteko aukera ere eskainiko da. Eizagirrek dio adin tarte guztientzako ipuina dela Xuhurra; «gaiak anitzak dira, egunerokotasunean gertatzen direnak».

 

'Xuhurra' ipuina: ondarea

Eizagirrek dionez Foru Aldundiak, aurkeztutakoa arrazoitzeko eskatu zuen, hau da; «galdetu ziguten zer dela eta kontsideratzen genuen Xuhurra liburua ondarea. Hau ondo landu genuen, eta argumentatu genuen zergatik zen Xuhurra, ondarea. UNESCOk, izendatuta dauka duela pare bat urtetatik, Shakespeareren Veneziako merkataria obra humanitatearen ondare gisa. Hain justu, aipatutako obra honetan, pertsonaia nagusia da Shylock. Aldi berean, Xuhurra, Shylocken bertsio modernoa da, desgaitasunari egokituta, beraz Shakespeareren obraren bertsio modernoa denez, hau ere ondare kontsideratu daitekeela argudiatu genuen. Bi pertsonaia nagusi ditu, lehena Xuhurra bera, eta bestea Xabier, laguna. Azken hau, Xuhurraren antitesia da».

Kontalariaren lana izango da hika kontatzea Xuhurra ipuina. «Hik zer daukak, zer diok... Hika da hizkera bizi bat, gaur egun ikastoletan ez da lantzen, eta honelako hizkerak, kontsideratuta daude ondare ukiezin edo bizia. Orduan bi argumentu hauek erabili genituen Xuhurra liburua ondare gisa hautatzeko».

 

Xuhurra, egunerokotasunean gertatzen denaren adibidea

Xuhurra ipuina ez da fikzioa, desgaitasuna duten pertsonei egunero gertatzen zaizkien trabak edo ezintasunak kontatzen dituena baizik. Ipuinaren irudi eta eszena guztiek desgaitasuna duten pertsonek bizitako esperientzia errealak kontatzen dituzte. Eta Xuhurra ipuinaren ilustrazioez ere jardun du Eizagirrek, honakoa adieraziz; «ilustrazioak egin dituena Miguel Angel Oribe da eta gurpildun aulkian ibiltzen da desgaitasuna duelako. Berak egin ditu ilustrazioak eta garrantzi haundia daukate. Hau guztia egiteko psikologo batekin egin dugu lan, Juan Carlos Alonsorekin. Zerbait argitaratu baino lehen, berari bidaltzen diogu beti egindako lana, ilustrazioak onak diren ala ez jakiteko, batik bat. Eta esan zuen, Miguel Angelek egindako ilustrazioek irudimena garatzeko balio zutela. Egia esan niri iruditzen zaizkit ilustrazio modernoak eta oso onak direla».

Ekitaldian, hasiera batean, ipuina bere horretan kontatuko da, irudirik gabe, eta Jexux Eizagirre izango da ipuinaren ahotsa; «nik neuk kontatuko dut ahoz ipuina irudirik gabe. Zergatik? Juan Carlos psikologoak honakoa gomendatu zigulako: irudirik ez jarri ipuina kontatu bitartean. Irudiekin batera kontatuz ipuina, umeen irudimena ez da lantzen, irudiak erakutsi dituzulako, dena mamitua eman diozulako, eta hor ez dute benetan lantzen ez ipuina, ez eta irudimena».

Gaur arratsaldeko 18:00etan, Jexux Eizagirrek kontatuko du 'Xuhurra' ipuina Biterin. «Adin tarte guztiei zuzendutako ipuina da gaur kontatuko dudana»

Behin ahoz kontatuta ipuina, ilustrazioak erakutsiko dira. Garrantzitsua da esatea, Xuhurra ipuinak ez daukala amaierarik, hori bakoitzaren baitan dago. «Bukaera norberak eman behar dio. Hori probatu izan dugu, Ereñotzuko Txirrita eskolan, eta Langile ikastolan, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Ereñotzun esaterako, 40 bat umek eman zioten amaiera, Xuhurra ipuinari, bakoitzak bere modura. Txirritara joan ginenean ipuina kontatzera, etorri zen gure laguna den Kike, desgaitasuna du eta umeei errealitate bat plazaratzeko asmoarekin bertaratu zen, ikusi dezaten errealitatea dela. Eta haurrek makina bat galdera bota zizkioten. Behin amaituta, korridore bat egin zioten Kikeri, eta oso pozgarria izan zen, egia da kontaketa taktika honek funtzionatzen duela».

Eizagirrek ama hizkuntzan kontatuko du ipuina, euskeraz eta hika, hala ere, honakoa dio «nik euskeraz kontatuko dut ipuina, baina gaztelaniaz entzun nahi duenarentzat itzulpen zerbitzua egongo da, eta automatikoki gaztelaniaz entzuteko aukera izango dute. Horrez gain, zeinu hizkuntzan ere egingo da».

Koxka elkarteak honela funtzionatzen duela dio Jexux Eizagirrek; «itzulpen zerbitzua eskainiko dugu, euskeraz ulertzen ez duenarentzat. Eta zeinu hizkuntza ere beti. Jardunaldi hauen arrazoi nagusia, ondare irisgarri eta inklusiboa izatea da, eta esku artean geneukan proiektu hau aurkeztu genuenean, eredu gisa jarri ziguten, besteei esanez: hauek beti egiten dute irisgarritasunaren eta inklusibitatearen alde».


 

«Xuhurra ipuinaren irudi eta eszena guztiek desgaitasuna duten pertsonek bizitako esperientzia errealak kontatzen dituzte»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!