Garaipen onak lortu dituzte Hernaniko nesken eta mutilen talde nagusiek, La Única eta Getxoren aurka

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 00:00

Hernani eta La Únicaren arteko partiduan borroka estua izan zen.

Ohorezko B Mailako taldeak 17-26 irabazi zuen larunbatean Faduran eta Euskal ligako taldeak 29-22 garaitu zuen talde iruindarra Landaren. 23 urtez azpikoak 17-14 galdu zuen Getxon.

Hernaniko errugbi talde ezberdinak denboraldia prestatzen ari dira eta pasa den asteburuan hainbat partidu jokatu zituzten. Emaitzarik aipagarriena Ohorezko B Mailako mutilen taldeak eskuratu zuen. Faduran, larunbatean, Getxo izan zuen aurrez aurre eta 17-26ko emaitzarekin garaipen esanguratsua lortu zuen.

Getxo Ohorezko Mailatik datorren taldea da eta igotzeko borrokan aurkari zuzena. Liga urriaren 16-17ko asteburuan hasiko da eta hernaniarren maila nolakoa izango den aurreikusi dezake Fadurako partiduak. Bi entrenatzaileek probak egiteko erabili zuten norgehiagoka eta Patrick Polidori gustora geratu zen ikusitakoarekin. Lehenengo test garrantzitsuan nota ona atera zuten trikoloreek.

Nota ona ere Hernaniko neskek lortu zuten. La Única indartsuaren aurka 29-22 irabazi zuten igandean, Landaren. Partidua ezin berdinduagoa izan zen eta lehenengo zatia 14nako berdinketarekin amaitu zuten. Bi taldeak erasoan min asko ari ziren egiten eta bigarren zatian Iban Zapiain eta Igor Genuak zuzentzen duten taldeak gehiago asmatu zuen garaipena eskuratuz. Sentsazio onekin amaitu zuten partidua.

23 urtez azpikoek ezin izan zuten nagusien garaipena errepikatu eta Getxon, Faduran, 17-14 galdu zuten bertako taldearen aurka, lehenengo taldeak partidua jokatu aurretik. Oso lehia parekatua izan zen eta bi taldeak partidu polita eskaini zuten. Aurredenboraldiko partidu hauek taldearen motorrak berotzeko balio dute.

18 urtez azpiko taldeak berriz, Landaren jokatu zuen eta 40-0 irabazi zuen Ordiziaren aurka. Pasa den denboraldian erakutsitako maila mantentzen du larunbatean ikusi zenaren arabera.

16 urtez azpikoek ez zuten emaitza berdina lortu. Hernaniarrek 19-44 galdu zuten eta goierritarrek erakutsi zuten maila honetan talde sendoa osatu dutela. Aurkari gogorra izango da denboraldian zehar. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!