EAJ-PNVk bizikletak eta igogailuak bateragarriak ote diren galdetu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 4a, 00:00

Alderdi jeltzaleak uste du lehentasuna izan behar dutela adineko pertsonek, gurpildun aulkian daudenek eta haurren kotxeak dituzten gurasoek. «Gazteek badute nahikoa gaitasun igogailurik erabili gabe bizikletaz mugitzeko».

EAJ-PNVk, prentsa ohar baten bidez, igogailuetan bizikletak eramatearen inguruan hausnarketa bat egin du. «Hernaniko gazteek herriko igogailu publikoak erabiltzen dituzte, etengabe, bizikletarekin igotzeko. Hau ikusita, EAJ-PNVk galdera bat egin du: igogailu publikoen erabilera erregulatu beharko al litzateke?».


Andoni Amonarraizek, EAJ-PNVren bozeramaileak, uste du igogailuetan gertatzen ari dena ikusita, arautu egin beharko litzatekeela: «ez dugu uste adineko pertsonek, gurpildun aulkian daudenek edo haurren kotxeak dituzten gurasoek bizikletarekin igotzen diren gazteen zain egon behar dutenik. Ez du zentzurik igogailuak horretarako erabiltzeak».


Kasu batzuetan, bizikletak Balantxatik jaisteko erabiltzen omen dituzte; eta ondoren, igogailuan igotzen omen dira, berriz ere jaisteko helburuarekin. Amonarraizek dioenez, «Hernanin igogailuak jarri izanaren arrazoia beste bat da. Elementu honen helburua da udalerriko irisgarritasuna hobetzea. Gazteek badute nahikoa gaitasun igogailurik erabili gabe herrian zehar bizikletaz mugitzeko».

«Kartel informatiboak jartzea eskatuko dugu»
Aipatutako jokabideak isolatuak ez direla ikusita, EAJ-PNVk EH Bilduri honako eskaera egingo dio: «igogailuetako sarreretan kartel informatiboak jartzea eskatuko diegu eta bertan adieraztea lurretik eskulekura 70 zentimetro baino gehiagoko altuera duten bizikleten debekua. Bizikletak udalerritik barrena mugitzeko dira».


Bestalde, Amonarraizek jakinarazi du Gobernu Taldeari eskaera hau ere egingo diola: «eskatuko diegu Udaltzaingoa adi egoteko abisua pasatzea, ikastoletatik irteterakoan, bizikletak Kaxkotik eta oinezkoen igarobideetatik abiadura handian pasatzen direlako, askotan, modu arriskutsuan».


Azkenik, EAJ-PNVko bozeramaileak argi utzi nahi du ondorengoa: «EAJ-PNV bizikleta garraiobide gisa erabiltzearen alde dago. 2003-2007 legegintzaldian, EAJ-PNV Zerbitzu Publikoen eta Herri Lanen arduraduna zenean, Hernaniko lehenengo bidegorriak eraiki genituen.  Orduan ere bagenekien bizikletak garrantzi handia izango zuela udal-garraioan, Hernani gero eta udalerri iraunkorragoa izateko bidean. Izan ere, mugikortasun jasangarria da giltza, hiri-ingurune osasungarriagoak eta kutsadura gutxikoak lortzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!