Tilos 7 Pasako pala kanporaketak gaur bertan hasiko dira hiru partidurekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 4a, 00:00

Tilosetako frontoian jokatzen dira partiduak.

Gaur hasi eta ostegunera arte hamaika kanporaketa jokatuko dira. Gaurko partiduak dira: Paulo-Xuban, Letamendia-Etxeberriaren aurka; Murillo-Berrio, Lizeaga-Gurutzeagaren kontra; eta Arkaitz-Urtzi, Beloki-Eskudero.

Tilos 7 Pasa pala txapelketak amaitu zuen pasa den astean multzokako fasea eta gaur bertan hasiko dira kanporaketak. Ostegunera arte hamaika partidu jokatuko dira maila ezberdinetan. Guztira zortzi bikote pasa dira final laurdenetara lehenengo mailan, beste zortzi txapelketa herrikoian, hamasei bikote daude final zortzirenetan bigarren mailan eta lau bikote  finalerdietan, nesken txapelketan.


Jardunaldi guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira eta gaur lehenengoak kantxaratzen Paulo-Xuban, Letamendia-Etxeberriaren aurka izango dira. Bigarren mailako partidua da eta final zortzirenetakoa. Eguneko beste bi kanporaketak ere final zortzirenak izango dira, bigarren mailan. 19:00etan Murillo eta Berriok, Lizeaga eta Gurutzeaga izango dituzte aurrez aurre eta jardunaldia amaitzeko Arkaitz eta Urtzik, Beloki eta Eskuderoren kontra neurtuko dituzte indarrak. 


Bihar asteartean, beste bi kanporaketa jokatuko dira, hauek ere bigarren mailakoak. 18:00etan Legarreta eta Olazabalek, Izkierdo eta Arizkorretaren kontra jokatuko dute eta 19:00etan, Ezkerra eta Urdangarinek, Arregi eta Bengoetxearen aurka ariko dira.

Etzi, herrikoia eta ostegunean, lehenengo mailakoa
Etzi asteazkenean, txapelketa herrikoiak hartuko dio erreleboa bigarren mailakoari. Hemen lau final laurden jokatuko dira eta horietako hiru asteazkenean bertan daude iragarrita.  Amondarain-Lujanbiok, Muñoa-Otxandio izango dituzte aurrez aurre 18:00etan, ondoren Lujanbio eta Zabalegik, Erdoziatarren kontra jokatuko dute eta eguna amaitzeko, 20:00etan, Cisneros eta Elosegik, Joanex eta Larburu izango dituzte aurkari.


Astea amaitzeko, ostegunean, lehenengo mailako txapelketaren final laurdenen txanda izango da. Honela, 18:00etan, Ramos-Zubimendik, Albiasu-Erburu partidua jokatuko da; 19:00etan Loidi eta Luixak, Arriaga-Zabalaren kontra jokatu beharko dute eta astea amaitzeko, Aizpuru eta Dagerrek, Larralde eta Unda garaitu nahi dituzte. Irabazleak pauso bat emango dute aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!