Unai Fanoren egoera salatu nahi du Sarek

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 3a, 00:00

Hirugarren graduan zegoen, baina fiskalak helegitea jarri eta bigarren gradura itzuli da Larrabetzun bizi den hernaniarra.

Hernaniko Sarek Unai Fano preso hernaniarrak «pairatu behar izan duen espetxeratzea salatu nahi du». Urtarrilean 3. graduan ezarri zuten, Basauriko espetxeko batzordeak hala eskatuta. Horrek esan nahi du espetxera bakarrik lotara joaten zela, eta ekainaz geroztik lotara ere ez zuen joan beharrik izan, pultsera telematikoa jarrira. 


Duela egun batzuk fiskalak helegitea jarri eta 2. gradura itzularazi diote. Beraz gaur egun Larrabetzun bizi den hernaniarra espetxean sartu eta bertan pasa beharko ditu gau eta egunak. Asteazkenetik dago berriro espetxean.


Egoera hau salatu nahi du Sarek, batetik, «elkarbizitzarako bidean oztopo bat delako», eta bestetik, «Unai urtarriletik kalean egon den honetan, erakutsi delako ez duela gizartean bizitzeko inolako arazorik. Azken egunetako albistegietan espetxeen eskumen aldaketa dela eta asko entzun dugu bergizarteratzeari buruzko planez, eta ohartzen gara, Unairen kasuan hartutako erabakiek ez dutela irizpide hauekin zerikusirik. Euskal presoek bizitzen dituzten salbuespen egoeren artean hainbat eta hainbat adibideren artean bat gehiago da, zoritxarrez». 

«Datozen hilabeteetako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu»
Azkenik, Unai Fanoren senide eta gertukoei «gure elkartasuna helaraztearekin batera, gainerako hernaniarrei dei egin nahi diegu, Sarek datozen hilabeteetan presoen eskubideak betetzearen alde eta presoen etxeratze bidean urratsak emateko antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!