Enpresa elektrikoen «lapurretaren aurkako» itzalaldia eta lapiko-jotzea

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 3a, 00:00

«Enpresa elektrikoei nahikoa dela esateko», EH Bilduk dei egiten die hernaniarrei partehartzera urriaren 8an, 22:00etan, deitutako protestara.

Hernaniko EH Bilduk hernaniarrak partehartzera animatzen ditu urriaren 8an Euskal Herriko, Kataluniako eta Galizako indar politiko batzuek deitutako protestan. Argindarra izugarri garestitzen ari den honetan, «enpresa elektrikoei nahikoa dela esateko garaia delako. Azken asteetan ikusten ari gara argindar enpresa haundiak egunez egun igotzen ari zaizkigula argindarraren prezioak. Ez dago markak apurtzen ez dituzten egunik. Elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea iritsi da».


Datorren ostiralean, urriaren 8an, 22:00etan, Euskal Herriko herri eta auzo guztietan itzalaldi bat eta lapiko-jotze bat izango dira, «enpresa elektriko haundiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez garela besoak gurutzatuta egongo salatzeko. Salatuko dugu ez dugula argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik; Espainiako Estatuan, berriz, alderdi haundiek ez dituzte geldiarazten argindar elektrikoen botere eta diru nahiak, eta ez dugu ahaztu nahi alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio-kontseiluetan».

Kataluniako eta Galiziako independentistekin batera
EH Bildu ez dago bakarrik salaketa honetan. «Kataluniako, Galizako eta Euskal Herriko indar independentistok indarrak batu nahi izan ditugu, eta ostiraleko protesta ekitaldia aldi berean egingo da hiru herrialde horietan. Enpresa elektrikoei nahikoa dela esateko ordua da. Bada garaia erakusteko gure herrian ez dugula uzten gehiengoaren eskubideekin jolasten (energia arrazoizko prezioan eskuratzea oinarrizko eskubidea delako), gutxi batzuek poltsikoak betetzen dituzten bitartean»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!