Nerabeentzat bi ikastaro berri izango dira Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 3a, 00:00

Astelehenetan Karla Ferreñok 'Gorputz adierazpena' ikastaroa eskainiko du eta asteazkenetan Jon Arangurenek 'Marrazketa'.

Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria Arloak Hernaniko gazte sortzaileei gonbidapena luzatu zien ikastaroak diseinatu eta martxan jartzeko. Lau sortzailek aurkeztu dituzte egitasmoak eta horietatik bi eskainiko dira urritik abendura. 


Biterin egingo diren ikastaro hauek, nerabeei zuzenduak dira, 12 urtetik 17 urtekoei hain zuzen.  Izen ematea online da; ondorengo loturaren bidez egin daiteke: https://labur.eus/uAuLj.

Izenematea urriaren 8ra arte da eta plazak mugatuak dira
Urriaren 8an amaitzen da izena emateko epea. Plaza kopurua mugatua denez, izen emateek kopuru hori gainditzen badute zozketa bidez erabakiko dira plazak.   


Astelehenetan, 17:00etatik 18:30etara,  Karla Ferreñoren eskutik, antzerki dinamikak erabiliz Gorputz adierazpenaz gozatzeko aukera izango dute gazteek.  Irakasleak oso baliagarritzat ditu antzerki dinamikak gorputza askatu eta nerabeentzat espazio bat sortzeko. Ikastaro honen kostua 18 eurokoa izango da ikasle hernaniarrarentzat, eta 23 eurokoa herritik kanpokoarentzat. 


Asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara, Asteazkenak Estudioko Jon Arangurenen eskutik, Marrazketa bidezko bidaiaz gozatzeko aukera izango dute nerabeek. Ikasleak aukera izango du munduko txoko ezberdinetara bidaiatzeko, edota existitzen ez diren lurraldeak arakatzeko, irudimenean sortzen diren horietatik leku berriak sortzeko.  Marrazketa ikastaro honetan, teknika desberdinak erabiliz bidaia bat egitea proposatzen da. Lurraldeak, paisaiak, pertsonaiak, animaliak eta ohiturak, ikertuz, hausnartuz edo irudikatuz. Ikastaro honen kostua 20 eurokoa izango da ikasle hernaniarrarentzat, eta 25 eurokoa herritik kanpokoarentzat.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!