9. Bakailao Astea bihar hasiko da 25 tabernen arteko pintxo lehiaketarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 3a, 00:00
Orain bi urte Txilibita tabernak irabazi zuen aurreneko saria.

Bihar hasi eta urriaren 17an amaituko da. Non dago 'Pil-Pil'? jokoa ere izango da, bakailoa jatetxeetako menuan edo kartan jarriko da eta urriaren 5, 7, 11 eta 13an 'Pil-Pil kalean' animazioa ikusiko da 18:00etatik aurrera.

Joan den urtean ezinezkoa izan zen Bakailao Astea antolatzea, baina aurten pintxo goxo-goxoak dastatzeko aukera izango dute hernaniarrek. Izan ere, bihartik urriaren 17ra bitartean,  9. Bakailao Astea izango da Hernanin. Gainera osasun egoerak hobera egin du eta horrek ekitaldi bat baino gehiago antolatzea ahalbideratu du. 


Tabernen Arteko Bakailao Pintxo Lehiaketara 25 tabernek eman dute aurten izena: Aieko, Andrekale 21, Antziola edaritegia, Apeadero, Aralar, Aroza, Atxur, Deportivo, Garin, Goiz Argi, Guria, Harresi, Horbel, Joxe Mari, Kafe Arri, Kixkal, Latxunbe, Rioja, Tamer, Torres Cortés Txoko Iberiko, Tripontzi, Txilibita, Txoko kafe-Bar, Zinkoenea, eta Zubialde. Hauek bihartik urriaren 15era arte lehiatuko dira.


Orain bi urte 26 tabernek hartu zuten parte eta beraz partaidetza arrakastatsua da aurten, kopuru ia berdina delako.  Txilibita tabernako, Txoko Ka­fe-Bar-eko eta Aralar ta­bernako pin­txoak izan ziren, hurrenez hurren, 8. Bakailao Asteko pintxo lehiaketako ira­baz­leak. 


Aurten ere herritarrek aukeratu dituzte gustukoenak. Hain justu, taberna bakoitzean buzoia jarriko da eta txarteltxoen bidez egingo da bozketa. 

Pil-Pil hiru aldiz topatzen duenak saria izango du eta zozketa ere egingo da
Bestetik, aurten Non dago Pil-Pil? jokua jarriko da martxan. Hiru aldiz topatzen duenak saria jasoko du. Urriaren 5, 7, 11 eta 13an 18:00etatik aurrera Bakailao Asteko maskota kalean ibiliko da saltsan, ea nork topatzen duen. Pil-Pil topatzen duenak argazki bat atera behar du berarekin eta WhatsAppez bidali 676 194 803 zenbakira. Honela, produktu sorta baten zozketan parte hartuko du. Kale animazioaz gain bakailaoa jatetxeetako menuan edo kartan egongo da. Errioguarda-Enean bakailao aperitiboa menuetan eta Iturralden degustazio menuan bakailaoa bi plateretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!