Getxon jokatuko du lagunartekoa gaur, Ohorezko B Mailako taldeak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 2a, 00:00

Ohorezko B Mailako taldea, aurreko denboraldian, Ourenseren kontra.

Faduran ariko da mutilen taldea, 18:00etan, Getxoren kontra. Neskek Landaren jokatuko dute bihar.

Atzera kontua hasi du Hernanik, Ohorezko B Mailako denboraldia hasteko. Urriaren 17an ekingo dio ligari, Bera Beraren kontrako derbiarekin, Landaren. Horri begira, aspaldi hasi zituen prestaketak, mutil seniorren taldeak; eta lagunarteko parti­dua jokatuko du gaur. Getxon ari­ko dira trikoloreak, Fadurako ze­laian, arratsaldeko 18:00etan.

Ligan kontrario zuzen izango duen talde batekin neurtuko ditu indarrak Hernanik, Getxorekin; eta test interesgarria izan daiteke gaurkoa, taldearen maila neurtu, akatsak zuzendu, eta egokitu beharrekoak azaleratzeko, bi aste barru hasiko den txapelketari begira.

Izan ere, aurten bereziki garrantzitsua izango da denboral­dia ondo hastea: 10 partidu jo­­katuko dituzte aurreneko fase­an, eta talde onenak bakarrik sailkatuko dira bigarren fasera, igoera lortzeko lehian.

Neska seniorrek, berriz, Landaren jokatuko dute lagunarteko partidua, bihar goizean. La Unica talde iruindarra hartuko dute, 11:30etan, Euskal Ligari begirako prestaketa hasteko. Beraien kasuan, oraindik ez dute adi­tzera eman denboraldi honetako egutegia eta txapelketak izango duen formatua.

Horiek ez dira izango lagunarteko partidu bakarrak, trikoloreentzat. Getxon jokatuko dute 23 urtez azpiko mutilek ere, gaur bertan; 16:00etan Faduran, Getxoren kontra. Eta Landaren ariko dira 16 eta 18 urtez azpiko mutilen taldeak. Ordizia izango dute aurrean biek, gaur goizean: 10:30etan gazteenek; eta segi­dan, 11:45etan, 18 urtez azpikoek.

Errugbi Eskolako taldeek, berriz, topaketak izango dituzte Irungo Txingudin, asteburu honetan: 14 urtez azpikoek bost partidu jokatuko dituzte gaur, 14:45etan hasita; 12 urtez azpiko bi taldeek launa partidu bihar, 10:30etan hasita; eta 10 urtez azpikoek beste lau partidu bihar, 11:50etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!