«Aurreneko jaiak primeran atera ziren, eta horrek indarra eman zigun; etenaldiak ez du itzali sua»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 2a, 00:00

Koloretako hautsez bete zuten Zelabide auzoa atzo, txupinazoa bota berritan, jaiei hasiera emateko. Seiak eta laurdenetarako, ez zegoen inor arropa garbiarekin.

Joan den urteko etenaren ondoren, auzoko festetan murgildu da Zelabide, berriro ere. Atzo arratsaldean hasi ziren jaiak, eta kirolak jarriko du saltsa gaur, paellak, bingoak eta sagardoak girotuta. «Sekulako gogoa geneukan jaiak berriro antolatzeko».

Duela bi urte antolatu zituzten Zelabideko jaiak, aurreneko aldiz; eta begi bistakoa izan zen arrakasta: jendetza elkartu zen auzoan, giro jatorra sortu zen, eta gozatu ederra hartu zuten bertaratuek. Eta horrek, sekulako bultzada eman zien auzo elkarteko kideei: «aurreneko jaiak primeran atera ziren, eta horrek indarra eman zigun, berriro antolatzeko. Jendeak gero eta gogo haundiagoa zeukan jaiak antolatzeko; etenaldiak ez du itzali duela bi urte poztutako sua», azaldu du Juankar Tobarrek, Zelabideko auzo elkarteko kidee­tako batek.

Izan ere, beraiek ere ez zuten espero, estreinako jaiek izan zuten arrakasta: «paelladan sekulako jendetza elkartu ginen, eta oso dibertigarriak izan ziren ekintzak. Saiatu ginen jendeak parte hartzeko moduko jarduerak antolatzen, eta saltsa polita sortu zen, giza futbolinean edo bingoan, adibidez».

«Udalak aukera eman zigun hainbat ekintza antolatzeko, eta egitarau polita osatu dugu»

Horregatik, ildo beretik jo nahi izan dute aurten, Covid-19aren aurkako neurriek ahalbidetzen zutenaren barruan: «Udalarekin jarri ginen harremanetan, aukera eman ziguten hainbat ekintzat antolatzeko, eta egita­rau polita osatu dugu azkenean».

Oso antzekoa izango da programa, duela bi urteko hartatik: «gauza gutxi kendu ditugu aurreneko jaietatik. Musikarena izango da ezberdintasun nagusia. Gauerdira arte izango da, eta ezingo da dantzatu zutik, haurrek izan ezik; helduek eserita egon beharko dute», azaldu du Juankar Tobarrek.

 

Haurrak protagonista atzo, aurreneko egun koloretsuan

Atzo eman zieten hasiera, Zelabideko bigarren jaiei. Eta haurrak izan ziren protagonista, aurreneko egun koloretsuan. Izan ere, txupinazoak eztanda egin eta berehala, Holi Fest izenekoa hasi zuten: koloretako hautsak bota zituzten airera, Gabriel Zelaia plaza kolorez betetzeko.

Duela bi urte bezala, primerako hasiera izan zen, auzoko jaientzat. Ondoren, sardina jateak girotu zuen auzoa, eta dantzaldia izan zen haurrentzat, DJ Pakoren eskutik, afaldu aurretik. Zezensuzkoak jarri zituen denak korrika, tripa bete ondoren; eta bigarren saioa eskaini zuen DJ Pakok, gauerdira arte.

Mota guztietako kirol ekintza dibertigarriak, paellada eta sagardo barrikotea, gaurkoan

Primerakoa izan bazen jaien hasiera, are hobea izango da segida, gaur. Goizetik gauera gozatzeko moduko programa prestatu dute. Inor geratuko ote da kirolik egin gabe, gaurkoan? Ez da erraza izango, gustu guztietarako kirol ekintzak prestatu baitituzte, ondo pasatzeko modukoak.

Dianaren ondoren, haurrentzako oztopo probekin hasiko du­­te eguna, atletismo pistan, De­nontzat taldeak antolatuta. Korrika eta saltoka ez ezik, arras­taka ere aritu beharko dute, oztopoak gainditzeko; eta atzo Holi Festarekin bezala, zikinduko dira gaur ere, seguru! Baina hori ere ez al da festez gozatzea?

Helduak izango dira, ariketa egiten jarriko dituzten hurrengoak: sokatira herrikoia izango da eguneko bigarren hitzordua. Eta surf lehiaketarekin borobilduko dituzte goizeko kirol jarduerak. Surfa Zelabide auzoan? Ba bai, posible egingo dute...

Eta kirolaren ondoren, ondo merezitako saria jasoko dute bertaratuek: sagardo barrikotea egingo dute aurrena, Hernaniko sagardoekin; eta paellada herrikoia izango da bazkalorduan. «Jende asko elkartuko gara aurten ere, 400 lagun inguru, espazioak utzi behar ditugulako».

Holi Festarekin kolorez bete ondoren, puzgarrietan saltoka aritu ziren haurrak


Bazkalostean, puzgarriak ja­rriko dituzte haurrentzat, eta fa­milian gozatzeko bingoa hasiko dute segidan. Horrek ere jarriko du saltsa ederra!

Azkeneko bi kirol jarduerak izango dituzte ondoren: toka eta bote txapelketak, aurrena; eta giza futbolina ondoren, duela bi urteko esperientza dibertigarria errepikatzeko asmoz.

Tartean, txokolatada batekin eskainiko diete merienda denei, eta futbolina bukatu ondoren, musikak hartuko du auzoa, atzo bezala. Oraingoan, DJ Txingudi izango da erritmoa jarriko duena, afaldu aurretik eta ondoren. Eta atzoko ildo beretik, zezensuzkoak eragingo ditu azkeneko korrikaldiak, gauerdian jaiei bukaera eman aurretik.

Garbitzen laguntzera gerturatzeko eguna, biharkoa

Gaur bukatuko dira festak, baina biharko ere jarri dute hitzordua: jaien ondorenean, garbitzen laguntzera gerturatzeko eguna izango da. «Duela bi urte ere jarri genuen hitzordua, eta agertu ziren hainbat auzotar. Polita izan zen ikustea auzoko jaiak bere sentitzen dituztela, eta laguntzera etorri zirela», nabarmendu du Juankar Tobarrek.

Izan ere, «auzo berria» da Zelabide, «eta tabernetan sortzen den girotik harago, oraindik ez dago auzo-girorik». Hori da auzo elkarteak lortu nahi duena, festekin ez ezik, bestelako jarduera batzuekin ere bai.

Zelabideko auzo elkarteko hiru kide, jaietako txoznaren aurrean. Gogotik ari dira lanean denak, egun hauetan.


«Auzo-giroa piztu nahi dugu, eta jendea gogotsu dago»

Tobarrek berak nabarmendu du, «auzo-giroa piztu» nahi dutela pixkanaka: «10-15 lagun gabiltza auzo elkartean lanean, eta jendea gogotsu dago horretarako, eta ekintza gehiago antolatzeko». Duela bi urte lanean hasi zirenetik, saiatu dira jarduerak antolatzen, festez gainera; baina horretan ere ez du lagundu etenaldiak: «Olentzeroa egin genuen joan den urtean, aukera bazegoelako. Eta duela bi urte, Santo Tomas eguna ere ospatu genuen. Oso polita izan zen hori. Doan banatu genituen pintxoak eta edariak, eta giro polita sortu zen auzoan». Duela hilabete ere, irailaren hasieran, zinea jarri zuten kalean.

Baina ospakizunetatik harago, bestelako ekintzak ere egin nahi ditu auzo elkarteak. «Saiatu nahi dugu, auzoa hobetzeko eta auzotarren beharrak asetzeko gauzak egiten, eta ez bakarrik jaiak antolatu. Esaterako, eskatu dugu Gabriel Zelaia plazako kantxak argiztatzea. Horretarako ere sortu dugu auzo elkartea». Laster, gainera, lokal bat utziko dietela aurreratu du Tobarrek: «une honetan ez daukagu erreferentzia gunerik jendearentzat».

Libgunea jartzeko ere, erakutsi zuten bere babesa: «Udalak proposatu zigun hemen jartzea, eta behar zuen auzotarren laguntza, txokoa irekitzeko eta ixteko. Eta baietz esan genuen, iruditzen zaigulako garrantzitsua dela auzoan horrelako gauzak edukitzea».

Aurreko egunetan, gogotik egin dute lan guztiek elkarrekin, jaiak prestatzeko; eta horretan jarraituko dute, urte osoan zehar ere. Gaurkoa ere ez dute egun lasaia izango antolatzaileek, baina saiatuko dira, ahal duten neurrian, egunaz gozatzen. Auzoko jaiak urtean behin izaten direlako... Eta beraien kasuan, bi urtekoa izan delako aurreneko etena.

Irrika haundiz itxaron zuten auzotarrek, Zelabiden aspaldi entzun gabeko etxeferoa.
 

Zelabideko Jaiak 2021

 

GAUR, larunbata

Egun osoan zehar, Haurrentzako jokoak.

10:00, Diana.

10:30, Denontzat: haurrentzako oztopo probak, atletismo pistan.

11:00, Sokatira herrikoia, Eper tabernako plazan.

11:30, Surf lehiaketa, Bidebieta plazan.

12:30, Sagardo barrikotea, Hernaniko sagardoekin.

14:00, Paella herrikoia.

15:30, Puzgarriak, Bidebieta plazan.

16:00, Jaien aldeko bingoa.

16:30, Toka eta bote txapelketa, Eper tabernako plazan.

17:30, Txokolatada, Sagastialde elkartean.

18:00, Giza futbolina, Bidebietako futbol zelaian.

20:00, DJ Txingudi.

21:00, Denok afaltzera: bokatak Txoznan.

22:00, Play Station 5aren zozketa.

23:00, DJ Txingudi.

23:00, Zezensuzkoa.

23:59, Jaien amaiera.

 

BIHAR, igandea

Denok garbitzera!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!