'Deskonektatu elektriketatik' mozioa onartu du Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 00:00
Udaletxera itzuli dira Plenoak.

«Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa!» aldarrikatu du EH Bilduk, Podemosen babesa jaso du; EAJ eta PSE abstenitu egin dira.

Astearteko Plenoan, berriz ere udaletxera itzulita, Beterri Buruntza Mankomunitatearen estatutuen azken tramitea onartu zen aho batez, eta 2019ko otsailaren 26ko Osoko Bilkuran onartutako gazteentzako zuzkidurazko bizitokiak alokairuan esleitzeko oinarrien aldaketa onartu zen EH Bilduren, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren aldeko eta EAJren aurkako botoekin. 

EH Bilduk aurkeztutako Deskonektatu elektriketatik, haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa! mozioa ere onartu zen EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Mozioak lau puntu zituen eta Podemos bigarren puntuan ere abstenitu egin zen. Beraz, Hernaniko Udalak honako hau adierazi zuen:

«1. Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria salatzen du; 2. Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko; 3. Eusko Jaurlaritza interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin; 4. Hernaniko Udalak urriaren 8an, 22:00etatik 22:30etara deitutako itzalaldi masibo eta kazola-jotzeko deialdiarekin bat egiten du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!