Maite Larburu musikari hernaniarrak 'kRaK' diskoa aurkeztuko du gaur, Egian

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 00:00

Maite Larburu diskoaren aurkezpenean. Argazkia: Donostia Kultura.

Gazteszenan egingo du aurkezpena 19:00etatik aurrera. Biolin-jole hernaniarra 'Amua' antzezlanean aktore lanetan arituko da asteburuan, eta bertako musika konposatu du.

Maite Larburu musikari hernaniarrak kRaK diskoa aurkeztuko du gaur, Gazteszenan, Egiako Kultur Etxean. Helburu anitzekin sorturiko doinuak dira diskoan biltzen direnak eta Axut! antzerki kolektiboaren Amua antzezlanerako idatziriko musika dago bertan. Larburuen bakarkako bigarren diskoa da eta emanaldiko sarrerak agortuta daude dagoeneko.

kRaK hamaika abestiz osatutako «disko-mosaikoa da, hainbat proiekturen erretal eta musika zatiez osatua».

Larburuk aurkezpenean azaldu zuenez, «sinetsi nahi dut kRak bat sentitu dudan bakoitzean, apurtu nahi zen bakoitzean, imajina daitekeenetik haratago batu naizela. Inperfekzioa ederraren arrasto gisa».

Bestetik, Amua komedia sentimental politikoa bihartik igandera bitartean taularatuko dute Gazteszenan, 19:00etan. Maite Larburu eta Ximun eta Manex Fuchs antzezlaneko protagonistak izango dira bertan. Antzezlanaren sarrerak 10 euro balio ditu.

Maite Larburuk idatzi du musika bere osotasunean. Hainbat kanturen hitzak ere bereak dia, baina baita Harkaitz Canorenak ere bai. Bestalde, Raymond Carverren poema bat eta Amua antzezlaneko gidoitik hartutako esaldiak ere jasotzen ditu bere kantetan. Berezitasun moduan, Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak ere jaso ditu bere abesti batean, emakumezko batek idatzi eta ezkutatu zituenak.

Biharko, etziko eta igandeko hiru emanaldietarako oraindik ere eros daitezke sarrerak, 10 euroren truke, Donostia Kultura webgunean.

Instrumentuei dagokionez, Larburuk bere ahots, biolin, biola, gitarra klasikoa eta elektronikoa erabili ditu; baina, horrez gain, Carlos Taroncherren klarinete baxua, Karlos Aranceguiren bateria eta Garazi Navasen akordeoia ere izango dira entzungai.

Maite Larbururen aurreneko diskoa Hezurren Azpian izan zen 2019an eta oraingoa bere bigarren diskoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!