Nazioarteko kongresua, urriaren 13tik 16ra

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 28a, 00:00

Demokrazia komunari buruzko 120 hitzartze egingo dira Hernani eta Ibaetan. Izena eman daiteke urriaren 8ra arte. 

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista espazioan aurkeztu zuten pasa den ostiralean urriaren 13tik 16ra Donostia-Hernanin ospatuko den Demokrazia komunari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra. Lehen eguna, urriaren 13a, Ibaetan EHUn (Donostia) izango da eta 14tik 16ra Hernanin, Iturolan, Biterin eta Kulturarteko Plaza Feministan.


Kongresuak 120 hitzartze baino gehiago hartuko ditu, hainbat mahai-inguru, hitzaldi, komunikazio eta ikerketatan banatuta. Programa zabala azaldu zuten, eta hiru gunetan garatuko dute, modu paraleloan.


Ekitaldi gehienak aurrez aurrekoak izango dira, 250 lagunetik gorako aforoarekin, baina online ere jarraitu ahal izango da. Bost kontinenteetatik eta hainbat herrialdetatik etorritako esperientziak aztertuko dira. Izen-ematea zabalik egongo da urriaren 8ra arte.


Kongresu hibridoa izango da, eta garrantzi haundia eman zaie abian jarritako dinamika sozial eta herrikoiei; horregatik, gizartea eraldatzeko komunitate-komunal eta herri-ikuspegitik lan egiten duten pertsona eta kolektiboentzako gune izan nahi du. Bakea Duintasunarekin elkartea eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatzen dute.


Hernanin 100 pertsonentzako jantoki komunala ere egongo da. Osteguneko 19:00etako, ostiraleko arratsaldeko eta larunbat goizeko mahai inguruak irekiak izango dira. Azken eguna, larunbata 16a, Bazkari herrikoi batekin, ekitaldi eta kontzertu batekin bukatuko da.
Parte hartu nahi duenak izena eman dezake https://demokraziakomunala.wordpress.com/izen-ematea/ helbide elektronikoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!