«Ez gaitezen damutu, emakumeok gure eskubideen alde jarraitu behar dugu borrokan»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 28a, 00:00

Lolita Chavez, Pariseko Aubervilliers jardinetara bisitan

Ostegun honetan, Lolita Chavez aktibista eta emakume zein herri indigenen eskubideen defendatzailearen bisita izango dugu Hernanin. Mahai inguruan kontatuko duenaren berri eman dio Kronikari. 

Ostegun honetan, mahaingurua antolatu du Mugarik Gabek, Guatemala eta Boliviako eskubideen defendatzaileekin, eta horien artean dago Lolita Chavez. Quiché (Guatemala) herriko emakume maya, ekintzailea eta emakume zein herri indigenen eskubideen defendatzailea da. Erbesteratuta dago, eta Kronikari kontatu dizkio asmoak eta borrokan jarraitzeko  hainbat arrazoi. 

Zenbat denbora zoaz Euskal Herrian bizitzen? 
2017tik daramat Euskal Herrian bizitzen. Ezin dut esan zehazki non nagoen bizitzen ari naizen jazarpenagatik. Gustura nago hemen, baina esan beharra dut zaila izan dela. Erbesteratuta nago, eta zaila da egoera honetan bizitzea. Hala ere, abantaila izan da, eduki ditugulako sareak, osasuna zaintzeko ere denbora izan dut. Hemen egin ditut loturak, oso lotura garrantzitsuak niretzat. Eta beste emakume defendatzaileekin ere egin dut harremana. 

Emakume hauek, zure egoera berdinean daude? 
Batzuk nire egoera berdinean daude, eta beste batzuk ez. Denetarik dago, esaterako: Saharakoak badaude. Horrez gain, nik lotura haundia dut Euskal Herriko bilgune feministekin, eta ni ez naiz bertako kide. Nik jarraitzen dut izaten Consejo de pueblos Quichés por la defensa de la vida, madre naturaleza, tierra y territorio erakundeko kidea. Momentu honetan ez nago Guatemalan, baina hala ere, erakundeko kidea naiz. 

Erbesteratuta zaude. Zein da horren arrazoia?
Gure eskubide kolektiboak defendatzeagatik izan zen, eta eskubide horien barruan daude: uraren eskubidea eta lurraren eskubidea, militarizaziorik gabeko bizitzarako eskubidea eta indarkeriarik gabeko bizitzarako eskubidea. Horrez gain, daude estraktibismorik gabeko lurralde baten eskubidea, eta geure bizitzarekin bizitzeko eskubidea. Horregatik ari gara borrokan, eta horregatik jaso ditugu erasoak, errepresioa, hilketak eta, azkenik, kriminalizazioa. Hau guztia Guatemalan gertatu zen. 

Euskal Herrira sartu nintzen, aldi baterako babesaren programa baten laguntzarekin. Eta programa honi esker, Guatemalatik ateratzeko aukera izan nuen. Nik neurri kautelarrak ditut. Euskal Herriko programa honek nire egoera aztertu zuen, eta ikusi zuten bakearen defendatzailea nintzela, eta horregatik hartu zidaten. 

Zein da zure asmoa, irailaren 30ean, hau da,  Mugarik Gaberen mahai inguruan? 
Mugarik Gabeko mahaingurura defendatzaile gisa noa. Eta nire asmoa da jendearengan kontzientzia sortzea, Europan, Espainian eta Euskal Herrian batez ere; eta Latinoamerikako errealitatea plazaratzea. Hori transmititu nahi dut, han bizi dugun egoera bortitza baita. Jazarpena ari gara jasotzen, eta jende ugari dago egoera honetan, baita okerragoetan ere. Nahi dugu jendearengan kontzientzia sortu, naturarekin bizitzeko, guztion ongizatean oinarrituta. Ez da Latinoamerikan gertatzen dena bakarrik, jendeari helarazi nahi diot, mundu guztian dela garrantzitsua naturarekin bizitzea eta denon ongizateari behar den garrantzia ematea. 

Mahainguruan botako dudan proposamen bat honakoa izango da: naturarekin bizikidetza egitea. Estraktibismoak, biodibertsitatea hil eta hondatu egiten du. Horrez gain, nahiko nuke jendeak jakitea, zeintzuk diren eskubide hauen defendatzaile izateagatik dauden arriskuak.  

Azalduko dut, ezagutu beharreko gauzak direla protokolo internazionalak, esaterako, eskubideak defendatzeko eskubidea dagoela, eta hau entzuleen buruetan sartu nahiko nuke. Ni feminista eta defendatzaile gisa, jendeak entzutea behar dut, eta jakitea ni ez naizela kriminala, estatuak estigmatizatu duen defendatzaile bat naizela baizik.

Nik nahi dudan bakarra da, bizitza duin eta biolentziarik gabeko mundu baten alde egitea. 

Aktibista eta emakumeen defendatzailea zara, zein da zure helburua? 
Latinoamerikan bizitzen ari diren feminizidioak oso bortitzak dira. Feminizidio horiek ere nahiko egituratuta daude, egitura kriminalekin esan nahi dut, eta guk nazioarteko instantziekin itunak egin behar ditugu. Adibidez, armak erosten dituzten estatuei, gure bizitzaren  aurka egiten dutenei. Azkenean, legedia emakumeon aurka dago zentzu askotan. Hala ere, Guatemalan, guk emakume gisa, abortu legal eta doakoren alde borrokatzen dugu, besteak beste. 
Baina fundamentalismoak daudenez, ONG Fundamentalak, erlijioak, elizak… Hauek, gure bizitza erasotzen dute, eta hor gorroto bat sortzen da. 

Datorren osteguneko mahainguruaz gain, proiekturen bat badaukazu esku-artean? 
Bira moduko bat egiten ari naiz, emakume aktibista eta eskubideen defendatzaileekin hain justu. Adibidez, Parisen egongo gara. Bertan lurraldeko defentsari buruz jardungo dut, eta jatorrizko poloen eskubideen aldeko borrokaz ere bai. Egia esan mahainguru eta hitzaldien agenda bete-beteta dago. Mallorkan ere egongo naiz, bertan Berta Caceres aktibistari omenaldi bat egingo zaio gainera. Izendatuko dira torturatuak izan diren emakumeak, zapalduak izan direnak… Ahotsa altxa behar da honelako egoeretan, jazartutako bizitza asko dago kanpoan eta honi buruzko kontzientzia sortu behar dugu.

Emakumeen zein gizartearen eskubideen alde egin duen aktibista bat zara, mezurik badaukazu gizartearentzat edo konkretuki emakumeentzat? 
Orain arteko borroka guztiak, ez dira gustuz izan, bai borroka feminista eta bai emakumeen eskubideen aldeko borrokak emaitzak eman dituzte. Borrokarik egon ez balitz, gure arbasoek ez balute ezer egin, estatu patriarkalak gehiegi aurreratuko zen. Matxismoak emakume gehiago hilko zituen, bortxaketa gehiago egongo ziren. Orain, gaur egun daramagun bidea egokia da, emakumeen eskubideen alde ari gara buru-belarri, bide duin eta justua da gainera. Beraz, ez gaitezen damutu. Pluralitatean eta dibertsitatean lanean jarraitu behar dugu, kontzientzia eduki behar dugu, emakumeok gure eskubideen alde jarraituko dugu borrokan, eta horrek izan beharko luke erantzukizuna. Biolentziak ez ditugu emakumeok sortzen; gizonezko matxista eta patriarkalek bai, ordea. 


Mezua hau da: jarrai dezagun gure bidea eraikitzen, defentsan jarraitu behar dugu. Defentsa duinarekin, zoriontsu defenditu behar dugu, torutarik gabe, artearekin egin behar dugu, beti natura erdigunean jarriz. Aktibista izateko, erantzukizun bat hartu behar da:  osasuntsu egotea. Eta gure asmoa hori da, bizitzarekiko maitasun-erronka hori sortzea.  

 

Lurra, bizitza eta eskubideak, mahai gainera

Kulturarteko Plaza Feministan egingo da mahai ingurua, ostegunean, 19:00etan hasita. 

Ostegun honetan, Boliviako eta Guatemalako errealitateen berri emango da Mugarik Gabek antolatutako mahainguruan: Lurra eta bizitzeko defentsa Latinoamerikan kriminalizazioaren aurrean lelopean. 
Ostegun honetan izango da mahaingurua, arratsaldeko 19:00etan hasita, Kulturarteko Plaza Feministan. 
Mahai gainean jarriko diren esperientziak, ezagutu eta partekatu beharrekoak direla aipatu du Mugarik Gabek, eta horretarako Lolita Chavez aktibistaz gain, honako hizlari hauek egongo dira. Alde batetik; Edgar de León: «Trebakuntza du nazioarteko instantzia juridikoetan jazarpena eta kriminalizazioa jasaten duten liderrak defendatzen eta nola egiten duten azalduko digu». 
Eta beste aldetik; Iván Sanjinés: «herri indigenek komunikabide tradizional eta handien partetik jasotako trataeraz hitz egingo du eta horren aurrean euren komunikabide propioak eraikitzearen prozesua nolakoa izan den ezagutzeko»

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!