Hitz Andanako lehenengo saioa, asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 00:00

'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua izango da Biterin, 19:00etan. Beharrezkoa da gonbidapenak aldez aurretik eskuratzea.

Asteazken honetan  emango diote hasiera aurtengo Hitz Andanako laugarren edizioari, eta larunbatean amaituko da. Etzi, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua izango da, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Lau bertsolari igoko dira oholtza gainera: Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Ane Labaka. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre arituko da.  Horiez gain, musikariak ere izango dira saioan: Ixak Arruti gitarran eta Gari Otamendi biolinarekin.

Programazioarekin jarraituz, ostiralean Hnuy illa eta Sorginak eta larunbatean, sorginkeriak emanaldiak izango dira. Horietarako, sarrera salgai dago 8 euroan.  Bestelakoan, antolatutako gainerako ekintzak doakoak dira. Hala ere, beharrezkoa da gonbidapenak aurretik eskuratzea online www.kultur.hernani.eus webgunean edo, bestela, Biteriko leihatilan.

Bigarren ekitaldia, ostegunean

Etzidamu, Joxan Goikoetxearen eta Karlos Linazasoren txanda izango da. Esaten dugun argia  izenburupean aurkeztuko dute lana. Aipatutakoa, Linazasoro idazlearen poema liburu berria da, eta poesia horietako zenbait irakurriko ditu egileak, Goikoetxea musikariaren laguntzarekin. Saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta hori ere Biterin izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!