Kukulaisi sortu da, «euskerazko aisialdia artikulatzeko eta garatzeko asmotan»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 00:00
Kukulaisi euskaltzaleen topaguneko ordezkariak, Elgoibarren.

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea sortu da, eta Dobera Euskara Elkartea batu da federaziora. «Elkarte batek egin dezaken lana haundia da, baina haundiagoa izango da elkarlanean aritzen bagara», aipatu dute Doberako ordezkariek.

«Euskerazko aisialdia artikulatzeko eta garatzeko asmotan» eratu berri da Kukulaisi euskaltzaleen topagunea. Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da erakunde berriaren sorrera. Elgoibarren egin zen herenegun, federazioaren eratze batzarra; eta, guztira, 14 euskera elkarte batu dira federaziora, lehendik ere euskerazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak. Horien artean dago Dobera Euskara Elkartea, eta Elgoibarren izan ziren Doberako kideak, federazioaren batzarrean.

Taldearen sorreran euskera elkarteen mugimenduko elkarteak eta eragileak batu baziren ere, federazioa euskerazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu zuten Kukulaisi euskaltzaleen topaguneko ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako elkarteek parte hartu bazuten ere, federazioa «Euskal Herri osoko eragileak biltzeko» sortu dela nabarmendu zuten.

 

Hezkuntza formala eta aisialdia, erdigunean

Euskerazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu zuten eratze batzarrean. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aipatu zuten aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan «ezinbesteko elementua» dela eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen haundia egiten duela. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen «artikulaziorako eta garapenerako tresna» modura aurkeztu zuten federazioa. Doberako kideek ere horren aldeko apustu irmoa egin dute: «hezkuntza oso garrantzitsua da eta eskola komunitatean egiten den lana ezinbestekoa da. Edonola ere, ikusi dugu euskeraren erabilerarako eta sustapenerako, hezkuntza formalaz gain, aisialdia ere beharrezkoa dela. Guk, gure egunerokotasunean, horixe bera egiten dugu urtero antolatzen ditugun egitasmoekin».

Gainera, helburu hori betetzeko, Kukulaisi sortzearen balioa nabarmendu dute Doberakoek: «elkarte batek egin dezakeen lana haundia da, baina are haundiagoa izango da hainbat elkarte bildu eta elkarlanean aritzen badira».

Elkartea eratzearen ideia duela gutxi jarri zen abian. Doberak, bere aldetik, kontua zuzendaritza batzordean hitz egin eta adostu ondoren, aurrera egiteko erabakia hartu eta sortu berri den federazioan sartu zen. Azaldu dutenez, 2022ko batzar orokorrean gaia birplanteatuko dute, «bazkideei informazioa emateko» eta «beraiek adierazi dezaten Kukulaisin jarraitu nahi duten edo, alderantziz, federazioa uztea nahiago duten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!