Txikiren eta Otaegiren aldeko oroimen ekitaldia, gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 00:00

'Euskal Herria bihotzean. Independentzia!' lelopean, Sortuk mobilizazioak eta oroimen ekitaldiak antolatu ditu gaurko egunerako.

Urtero bezalaxe, gaur, irailaren 27an, Txiki eta Otaegi oroituko dituzte, Euskal Herria bihotzean. Independentzia! lelopean. Sortuk gaurko antolatutako oroimen ekitaldia da, eta herriz herri aldarrikapen mobilizazioak egingo dituzte. Hernanin, Nafar kalean izango da, arratsaldeko 19:00etan. «Aldarrikapena ezinbestekoa da oroimena debekatzen duen sasi demokrazia betean bizi garelako», aipatu dute.

«Beste hainbat burkideren antzera, Juanek eta Anjelek beraien bizitzarekin ordaindu zuten Euskal Herria askatzeko eginiko ahalegina. Horri lotuta, pauso garrantzitsua emateko apustua egin du Sortuk, egun seinalatu hau gogora ekartzeko ekitaldi irekia antolatu baitugu», azaldu dute.

 

«Pertsona guztiak, eskubide guztiak, memoria guztiak»

Memoriaren eta errelatoaren alorrean interes politikoak daudela salatu du Sortuk; «ikuspegi manipulatua eta desitxuratua ezarri nahi digute, eta kezka haundia dugu». Horren haritik, beraien ezinegona argudiatu dute: «azken aldian, nabarmena da, beharbada, diru publikoz finantzatutako Gasteizko Melitoniumaren kasua. Manzanas torturatzaile faxistari gorazarrea egiten dioten bitartean, herri honen alde jardun duten hainbat biktima bazterrean uzten dituzte».

Horren guztiaren aurrean, beraien konpromisoa zein den argi dutela adierazi dute: «pertsona guztiak, eskubide guztiak, memoria guztiak». Diote, aldarrikatzen dutena dela «sufrimendu guzti-guztien oroimena». Horregatik antolatu dute, hain justu, gaurko ekitaldia. «Batzuena zein besteena, inor bazterrean utzi gabe, soilik modu horretan eraiki baitaiteke herri honek hain beharrezkoa duen memoria partekatua eta elkarbizitza».

Era berean, gaurko ekitaldia urtero-urtero egiteko asmoa duela helarazi du Sortuk. «Aurrera egiteko oroitzea ezinbestekoa zaigulako; nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea ere funtsezkoa zaigulako; herri honek behar-beharrezkoa duen elkarbizitza eraikitzen jarraitu nahi dugulako».

 

«Sugarra eta maitasuna»

Bestalde, aurtengo zitarako aukeratutakoa lelo hori hautatu dute «gure herriarekiko maitasunak ezinbesteko sugarra izaten segitzen duelako askapen borrokan aurrera egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!