Hernaniko I. Liburu Azoka antolatu du Dobera Euskara Elkarteak, urriaren 2rako

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 26a, 00:00

Egun osoko egitaraua prestatu dute, 10:30etan hasita. Liburuen aurkezpenak, ipuin kontalariak, irakurraldiak eta bakarrizketa izango dira, beste hainbat ekintzen artean. IIgarren Kromiki lehiaketaren sari banaketa azokan egingo dute.

Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, Hernaniko I. Liburu Azoka izango da datorren larunbatean, urriaren 2an, Atsegindegin. Euskeraz idatzitako liburuak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskaintzeko asmotan prestatu dute azoka, «Euskal Herriko liburugintzaren ekoizpena ezagutzera emanez, euskal kultura sustatzeko eta indartzeko». Hori horrela, euskerazko liburuak soilik egongo dira salgai.

10:30etan irekiko dira azokako ateak, eta 14:00etan itxiko dituzte bazkaltzeko. Arratsaldean, 16:30etan ekingo diote martxari, eta postuak 19:00ak arte egongo dira zabalik. Bertan, 12 argitaletxek eta ekoizleek jarritako 18 postu egongo dira ikusgai. Gainera, literaturarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi ere izango dira. Besteak beste, ipuin kontalariak edota irakurraldiak. Horrez gain, zenbait egilek beraien lanak aurkeztuko dituzte. Goizean eta arratsaldean izango dira aurkezpenak, 11:30etan eta 17:30etan.

Bestalde, postuetan hainbat egile egongo dira liburuak sinatzen eta liburuei buruz herritarrek dituzten galderak erantzuten: Markel Oiarzabal (amaia gidoi-liburua); Elena Martinez (Egun gorrietan); Ainara Azpiazu Axpi (Foixeko Katalina, Basoan barna); Goizane Aizpurua (Izarak); Yurre Ugarte (Lilurabera); Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz-Azkue (Gure faunari eta florari begira - 1/Ornodunak); Unai Elorriaga eta Alex Orbe (Jarraitu inurriari); Juan Kruz Igerabide (Doneaneko alaba) eta Ana Malagon (Ez dakit zertan ari zaren).

 

EGITARAUA: LIBURU AZOKA

URRIAK 2, Atsegindegin

10:30 Azokaren irekiera ekitaldia. Gorka Olazabalen bakarrizketa.

11:30-13:00 Liburuen aurkezpenak: 'Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan' (Juan Martin Elexpuru, Pamiela etxea); 'amaia' gidoi-liburua (Markel Oiarzabal Ansa); 'Gure faunari eta florari begira - 1/Ornodunak)' (Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz Azkue - Dobera Euskera Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea).

13:30 Irakurraldia, Hernaniko Kale Literatura taldearen eskutik.

16:30 'Euskal mitologia gira eta bira', Sorgina txirulina ipuin kontalaria.

17:30-18:30 Liburuen aurkezpenak: 'Gurea falangista zen' (Alberto Barandiaran, Susa); 'Ez dakit zertan ari zaren' (Ana Malagon, Elkar).

18:45 Azokaren itxiera. II.Kromiki lehiaketaren sari banaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!