Hasi dituzte lanak Santa Barbara auzoan, 51 etxebizitza berri, garajeak eta bi plaza egiteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00

Egun hauetan aritu dira lanak egiten, Santa Barbarako etxebizitza berriak eraikiko dituzten ingurunea prestatzeko.

Arrobi ostatuaren ondoan egingo dituzte, orain arte aparkalekuak zeuden gunean. Babes ofizialekoak izango dira 19 etxebizitza, tasatuak 10 eta salmenta librekoak 22. 400 metroko lokal bat ere eraikiko dute, Udal Artxiboa izango dena.

Hasi berri dituzte lanak, Santa Barbara auzoan etxebizitza promozio berri bat egiteko. Arrobi ostatuaren ondoan egingo dituzte, orain arte aparkalekuak zeuden gunean; Langile ikastolaren parean, hain justu, errepidearen beste aldean.

51 etxebizitza egingo dituzte bertan, guztira. Horietatik, babes ofizialekoak izango dira 19 etxebizitza, tasatuak beste 10, eta salmenta librekoak 22. Azkeneko horientzat, salmenta librekoak izanda ere, gehienezko prezioa finkatu du eraikuntza enpresak, Hernaniko Udalarekin egindako hitzarmen baten bitartez, Udalak berak aditzera eman duenez.

Etxebizitzez gain, garajeak egingo dituzte bertan, lur azpiko bi solairutan. Eta 400 metro karratuko lokal bat ere eraikiko dute, Udal Artxiboa izango dena.

Obrak egiteko, bi urteko epea aurreikusi dute. Eraikinen egitura gauzatzeko beharko dute urtebete, eraikuntza enpresak aurreikusi duenez. Eta ondoren, ingurunea urbanizatzeko lanei ekingo diete: igogailua, plazak, bidegorria... Hori horrela, espero dute 2023ko urrirako bukatzea.

 

Plaza bat haur jolasekin, eta beste bat bankuekin

Izan ere, etxebizitzak ez ezik, ingurunearen urbanizazioa ere izango da obraren parte. Horrela, etxebizitzez eta garajeez gainera, bi plaza egingo dituzte bertan. Horietako batean, haur jolasak jarriko dituzte; eta bestean, berriz, bankuak. Eta bi plazak bidearen maila baino altuago egongo direnez, igogailu bat ere jarriko dute, irisgarritasuna bermatzeko.

Bestalde, Udalak jakinarazi du, obrak egitearekin batera jarraipena izango duela egungo bidegorriak. Langile ikastolaren aurretik pasako da, hain justu.

Aparkalekua hustutzeko kotxe batzuk kentzea falta den arren, laster hasiko dituzte aurreneko lanak bertan. Aurreko egunotan, inguruko zonaldea prestatzeko lanetan aritu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!