Lurraren defentsa eta kriminalizazioa, mahai ingurua datorren astean Mugarik Gabek

Kronika - Erredakzioa 2021eko irailaren 25a

Kontsulta komunitarioa Guatemalan. Argazkia: PBI - Peace Brigades International.

Irailaren 30ean, mahai inguru baten bueltan bilduko dira Lolita Chavez ekintzailea, Edgar de León abokatua eta Iván Sanjinés zinemagile eta komunikatzaile soziala.

Datorren astean, hilaren 30ean,  Guatemala eta Boliviako eskubideen defendatzaileekin mahai inguru bat antolatu du Mugarik Gabek Bizitza Jokoan kanpainaren baitan. Mahai ingurua Lurra eta bizitzaren denfentsa Latinoaremikan kriminalizazioaren aurrean lelopean izango da. Arratsaldeko 19:00etan eskainiko dute, Kulturarteko Plaza Feministan.     

1987an sortu zen Mugarik Gabe erakundea eta bere burua honela definitu dio Kronikari: «ezkerreko antolakunde asanbleario, feminista, ekologista, internazionalista, solidarioa eta horizontala gara».

Gaur egun, indarrean dagoen garapen eredu neoliberal eta patriarkalarekin kritiko dela aipatu du Mugarik Gabe erakundeak, eta «eredu horrek gehiagoren ezberdintzea, eskubide urratzea eta menperatzearen bitartez gutxi batzuk aberastu eta pribilegiatzen dituela salatzen dugu» azaldu dute.

Horrez gain, «bidezko mundu bat lortzea» da helburu nagusietako bat eta horretarako Mugarik Gabek alternatibak zabaldu, sustatu eta esperimentatzen ditu; «bizitza erdigunean jarri eta herrientzat zein emakume eta gizonentzat justuagoa izango den mundua, eta, era berean, etorkizuneko belaunaldientzako jasangarria izango dena». Horretarako, Mugarik Gabek,   Latinoamerikako elkarte desberdinekin egiten du lan, eta «Euskal Herrian hezkuntza prozesu desberdinak bultzatzen ditugu, Bizitza Jokoan Kanpaina kasu». 

Era berean, proiektu honekin, Krisi Klimatikoa eta Giza Eskubideen artean dagoen harremana jorratu nahi  dute; «Izan ere, adibidez, lurra edo natura defendatzeagatik lider indigena askok kriminalizazioari eta jazarpenari aurre egin behar diote, bai estatu, talde armatu eta enpresa multinazionalen aldetik. Bizitza bera defendatzeagatik, euren bizitza jokoan jartzen dute alegia. Hau mahai gainean jarri, salatu eta alternatibak landu nahi ditugu. Azkenean dago bizitza jokoan bizitza bera babesteagatik».

Guatemalako emakume eta gizonak ekarri ditu Mugarik Gabek mahai gainera, izan ere, diote nekazari eta indigenek ondo dakitela zer den eustea eta protesta egitea euren basoak, ibaiak eta lurraldeak babesteko, «horien baitan dago hain zuzen ere euren bizitza, eta gurea ere bai».

Hau kontutan hartuz, Mugarik Gabek Guatemala eta Boliviako eskubideen defendatzaileak ekarriko ditu Hernanin egingo den mahai ingurura. Izan ere, diote, ezagutu eta partekatu beharreko esperientziak direla, «premiaz babestu beharreko borrokak, hain justu. Orain inoiz baino gehiago».

Hauek izango dira mahai inguruko protagonistak: Lolita Chávez Ixcaquic: K’iche’ herriko emakume maya, ekintzailea eta emakume zein herri indigenen eskubideen defendatzailea. Consejo de Pueblos K’iche’s por la Defensa de la Vida, Madre Naturaleza, Tierra y Territorio (CPK) erakundeko kidea da; «Lolitak bere lurra defendatzeagatik eta enpresa eta makroproiektuei aurre egitegatik jazarpen bortitza jasan du eta ihesi bizi da. Bizitako guztia kontatuko digu».

Edgar de León: Asociación Maya UK'UX B'E erakundeko kidea eta Asociación de Abogados y Notarios Mayas de Guatemala erakundeko kide ohia. Bernardo Caal Xol lider indigenaren abokatu defendatzailea da, zein bere komunitatearen eskubideak defendatzeagatik 7 urteko kartzela zigorra betetzen ari dena;  «Trebakuntza du nazioarteko instantzia juridikoetan jazarpena eta kriminalizazioa jasaten duten liderrak defendatzen eta nola egiten duten azalduko digu».

Iván Sanjinés: zinemagile eta komunikatzaile soziala, bi erakunde hauetako kidea: Fundación para el Desarrollo de la Comunicación Intercultural (CEFREC)” eta Agencia Plurionacional de Comunicación de Bolivia; «herri indigenek komunikabide tradizional eta handien partetik jasotako trataeraz hitz egingo du eta horren aurrean euren komunikabide propioak eraikitzearen prozesua nolakoa izan den ezagutu ahal izango dugu». 

Urte luzez darama Mugarik Gabe erakundeak hiru pertsona hauekin elkarlanean, «euren prozesu eta borrokak babesten ditugu. Bestalde gainera oso komunikatzaile apartak dira, eta aurrez ere, Euskal Herrian sarritan ibili dira, hemengo errealitatea ere ezagutzen dute eta badakite ondo euren aldarrikapenak nola zaldu eta zabaldu».

Datorren astean egingo den mahai ingurua, ez da Guatemalan eta Bolivian zein gaizki dauden erakusketako helburuarekin antolatu; « Bertako errealitateak eta gureak erabat lotuta daude, hemen ere, beste neurri batean baina eskubide urraketa larriak ematen dira eta krisi klimatikora eramaten gaituzten ingurumenaren eta naturaren kontrako ekimen eta proiektu erraldoiak asko dira gure inguruan. Beraz hango eta hemengo errealitateak erlazionatu nahi ditugu eta mahai gainean jarri jasangarria eta bidezkoa ez den eredu ekonomiko, sozial eta politiko bat dagoela horren atzean. Eta gure eskuetan dagoela hain zuzen ere eredu horretatik beste batera trantsizioa egitea, itsasoaren alde bateko eta besteko borrokak batuz».

 

Hemendik aurrerakoak

Mugarik Gabe, eskuartean duen proiektuarekin (Bizitza Jokoan) jarraitzeko asmotan dago, besteak beste; «nazioarteko kongresu bat ospatuko dugu otsailean, unibertsitate eta ikastetxe desberdinetan ikasleekin tailerrak egiten ari gara, ikerketa eta komiki bat argitaratuko ditugu, besteak beste». Irakurleei euren sare sozialak eta webgunean begirada bat botatzea gomendatu diete; Instagram: @mugarikgabe eta webgunea: mugarikgabe.org.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!