2015ean Sandiusterrin martxan jarri genuen eta Hernaniko Osasun Zentroarekin kolaborazioan jarraitu dugu pandemia osoan zehar, udalaren babesarekin.
Etapa berri honetan ere, norbere aniztasun sexual eta erotikoari lekua egiteko prest topatuko gaituzte Hernaniko herritarrek. Bikote zailtasunak dituztenentzako ere laguntza harremana eskaintzen jarraituko dugu.
Ikasturte hasiera garai ona da norbere erronka pertsonalei lekua egiteko, eta ikastaroetan edota gimnasioan hasten garen bezala, norbere desioei, erronka edota amets erotiko zein sentimentalei bidea errazteko une ezin aproposagoa izaten da.
Ikasturte hasiera garai ona da norbere erronka pertsonalei lekua egiteko
Plax! Hernanin dagoenetik, askotariko eskaera eta egoera pertsonalei erantzun diegu. Bikote harreman zalantzagarrietan irizpide neutralak eskaini ditugu. Desira gutxitu den bolada bati irteera bilatzeko pausoetan lagundu dugu. Iaiotasun erotikoak eta komunikazioa hobetzeko ariketa eta entrenamenduak abiatu eta jarraipena ematen bidelagun izan gara. Haurren erantzun sexualaren inguruan pistak eman eta mugak definitzen ondoan izan gaituzue. Plazera sentitzeko ibilbideak markatu ditugu elkarrekin...
Hemendik aurrera, nola bizi nahi dituzu zure erotismoa eta harreman sentimentalak? Bizitzari kosk egiteko unea iritsi da! Hernani, Tratu Onen Erotismoarekin!