100 urte bete zituen igandean, Lidia Alonso Paradelo hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 00:00

Lidia Alonso Paradelo senideekin eta Xabier Lertxundi alkatearekin.

Gaur egun, Villabonako adinekoen egoitzan bizi da, eta mendearen ospakizuna familiartean egin zuen. 

Lidia Alonso Paradelo hernaniarrak 100 urte bete zituen igandean. Gaur egun, Villabonako adinekoen egoitzan bizi da Lidia, eta egun berezia familiartean pasa zuen. Gainera, senideak ez ezik, Xabier Lertxundi alkatea ere bertaratu zen Villabonara, Lidia zoriontzera.

Sei anai-arrebetako zaharrena da hernaniarra, eta Galizian jaio zen 1921eko irailaren 19an. Bere aita trenbideko langilea zen, eta lanaren ondorioz, familia Galizian, Asturiasen eta Leonen bizi izan zen.

Oso emakume langilea izan da beti. Izan ere, haurra zenetik, lanean aritu da Lidia: etxeko lanetan, baratzean, mahatsa landatzen eta biltzen, arropak atontzen edota seme-alabak hezten. 1964an, senarrarekin eta seme-alabekin, Hernanira etorri zen bizitzera; eta, egun, 10 biloba eta birloba ditu.
Senitartekoekin beti izan du gertuko harremana, eta orain Villabonako Santiago egoitzan bizi bada ere, harreman estua izaten jarraitzen du.
Bejondeizula eta zorionik beroenak, Lidia! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!