Lurraldebusek gaueko zerbitzu guztiak berreskuratu ditu

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00

Garraio publikoaren zerbitzua LABIk hartutako erabakietara egokitu da, eta aldaketak joan den larunbatean jarri ziren indarrean. 

LABIk hartutako erabakien ondoren, «osasun-egoeraren bilakaera ikusita», Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak erabaki zuen Lurraldebuseko gaueko zerbitzu guztiak berreskuratzea. «Hori horrela, zerbitzu publikoa egokitu da Eusko Jaurlaritzak zehaztutako arrisku-egoeraren zuzentarauetara», aipatu zuten Lurraldebuseko arduradunek.

Joan den larunbatetik, beraz, goizeko 03:00ak arte aritu ziren lanean garraio publikoko zerbitzu guztiak. Eta martxa hori hartuta, LABIk hartutako erabakien baitan, Lurraldebuseko ordutegiak eta autobusetako aforoak moldatuko direla ziurtatu zuen Rafaela Romero diputatuak.

Bestelakoan, Lurraldebuseko lineen aforoak %80koa izaten jarraituko du eta Buruntzaldeako ordutegiak duela gutxi aurkeztutakoak izango dira, moldaketarik egon ezean. Gainera, prentsaurrekoan, azpimarratu zuten oraindik ere beharrezkoa dela autobusean maskarilla erabiltzea eta, horrez gain, «tonu baxuko elkarrizketak mantentzea, aerosolak ugaltzea saihesteko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!