Argazki lehiaketa antolatu du Mendiriz Mendik, gai librearekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00

Elkarteko bazkideez gain, Hernanin bizi direnek ere aurkeztu ditzakete argazkiak. Urriaren 8a da proposamenak aurkezteko azken eguna.

Mendizale Astearen ospakizunaren barruan, Mendiriz Mendik XLIIgarren argazki lehiaketa antolatu du. Urriaren 8a da proposamenak aurkezteko azken eguna, eta elkarteko kideei zein Hernanin bizi diren herritarrei luzatu diete deialdia, lehiaketan parte hartzeko. Argazki gustukoenak aukeratu eta Mendiriz Mendiko lokalera eraman beharko dira, astelehenean, ostegunean edo ostiralean, 20:00etatik 21:00etara. CD edo USB batean gorde behar dira argazkiak, eta bertan adierazi beharko dira partaideen izen abizenak, telefonoa eta argazki kopurua.

Gehienez 6 argazki aurkezteko aukera izango da, eta gutxienez, 3. Horrekin batera, aurkeztutako argazkien artean, bat, gutxienez, Hernanikoa izan beharko da.

5 sari izango dira

Denera, 5 sari banatuko dituzte: Hernani, Mendia, Paisaia, Herrikoia eta Bilduma hoberena. Herrikoiena hautatzeko, epaimahaiak 15 argazki aukeratuko ditu, eta irabazlea aretoan dauden pertsonen artean aukeratuko dute. Era berean, partehartzaileei argazkiak itzuliko dizkiete argazkiak proiektatzen dituzten egunean.

Bestalde, beste lehiaketaren batean saritutako argazkiak ez dira onartuko. Are gehiago, aipatutako oinarriak betetzen ez dituzten argazkiak lehiaketatik kanpo geldituko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!