Play offeko bi estropadak irabazi eta Euskotren Ligara igoera lortu du Tolosaldeak, Eider Barba traineruan zela

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00

Tolosaldeako arraunlariak, igoera ospatzen, Eider Barba hernaniarra tartean.

Bermeon eta Portugaleten nagusitu zen Barba eta Enara Villena hernaniarren taldea, eta maila gorenean ariko da datorren denboraldian, Hondarribiaren lekua hartuta

Maila gorenean ariko da Tolosaldea, Eider Barba eta Enara Villena hernaniarren taldea, datorren denboraldian. Joan den asteburuan jokatu dute igoerako
play offa, eta bi estropadak irabazi dituzte tolosarrek, Bermeon eta Portugaleten, Eider Barba traineruan zela bietan. Hori horrela, igoera ziurtatu dute, eta
Hondarribiaren tokia hartuko dute Euskotren Ligan: Arraun Lagunak, Orio eta Donostiarrarekin batera ariko dira. Maila galduko du Hondarribiak, Maider Garmendia patroi hernaniarraren taldeak, play offa hirugarren bukatu ondoren.

Bermeon eman zuen aurreneko kolpea Tolosaldeak, eta alde nabarmenarekin nagusitu zen: 11 segunduren aldea lortu zuen Deusturekin, eta 17 segundurena Hondarribiarekin. Ia 28 segundura sartu zen Cabo da Cruz. Eta Portugaleten berretsi zuen bezperakoa, talde tolosarrak: nagusi izan zen berriro, Hondarribia baino 3 segundu azkarrago, eta Deustu baino 8 segundu hobeto.

Donostiarrak laugarren bukatu du Eusko Label Liga

Gizonezkoetan, berriz, asteburuan jokatu dituzte Eusko Label Ligako azkeneko bi estropadak, toki berberetan: Bermeon eta Portugaleten. Eta azkeneko hitzorduan huts eginda, ihes egin dio ligako hirugarren postuak Donostiarrari, Xabat Pastor eta Iker Imaz hernaniarren taldeari. Lau punturen aldea zeukaten Oriorekin, eta nola edo hala defendatu zuten Bermeon: seigarren izan ziren, eta bosgarren Orio. Baina Portugaleten, ezin izan zioten traineru horiari segi: bigarren sailkatu ziren oriotarrak, eta berriro seigarren izan ziren donostiarrak. Horrela, puntu bakarreko aldearekin hartu dio aurrea Oriok, sailkapen nagusian hirugarren bukatzeko. Laugarren izan da Donostiarra, beraz.

Ondarroak, berriz, zazpigarren postua mantentzea zuen helburu, Ivan Lopez hernaniarra tartean zela. Bederatzi punturen aldea zeukan Cabo da Cruzekin, eta galiziarrak baino hobeto aritu ziren bi estropadetan: zazpigarren izan ziren Bermeon, eta bosgarren Portugaleten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!