Lidia Alonso Paradelok 100 urte, gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 19a, 00:00

Urtebetetzea gaur da eta familia artean ospatuko du. Bihar Villabonako egoitzan jasoko du Hernaniko Udalaren omenaldia. 

Galizian jaio zen Lidia Alonso Paradelo, 1921eko irailaren 19an, eta gaur 100 urte bete ditu, hain justu. Hernaniko Udalak omenaldi xume bat egin nahi izan dio. 

Lidia, 6 anai arrebetako zaharrena zen, eta aita trenbideko langilea zen. Lanaren ondorioz, familia Galizia, Asturias eta Leongo herri ezberdinetan bizi izan zela azaldu du Udalak.

Haurra zenetik, lanean aritu izan da beti; «etxeko lanetan, baratzean, mahatsak landatzen». 1964garren urtean Hernanira etorri zen Lidia familiarekin; «guztira 10 biloba eta birloba ditu». Gertuko harremana izan du betidanik senitartekoekin, eta egun adinekoen egoitzan bizi bada ere, harreman estua izaten jarraitzen duela dio Udalak. 

Bere egunerokotasunean, Villabonako egoitzan antolatzen diren ekintzetan parte hartzen du eta «zainduta eta eskertuta sentitzen da». Urtebetetzea gaur denez, familia artean ospatuko du baina bihar, Villabonako egoitzan jasoko du Hernaniko Udalaren omenaldia eta lore sorta Xabier Lertxundi alkatearen eskutik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!