Aurrematrikulazioa bihartik aurrera, Goiz Eguzkiko ikastaroetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 19a, 00:00

Matrikulak hilabeteko azken astean egingo dira bulegoan bertan. Aldiz aurrematrikulazioa egiteko aukera bihartik aurrera izango da. 

Goiz Eguzkik kurtso berriari hasiera emateko asmotan, aurtengo urterako hainbat ikastaro antolatu ditu. Ikastaro hauetarako, aurrematrikulazio zein matrikulazio epeak egongo dira. Aurrematrikulazioa bihartik aurrera hasiko da eta 24ra bitartean egongo da aukera hau. Matrikulazioa berriz hilabeteko azken astean egingo da, hilaren 27tik urriaren 1era, hain justu. Biak bulegoan bertan gauzatuko dira, honako ordutegian: astelehen, asteazken eta ostiraletan arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara bitartean. Eta ostiral goizetan 10:00etatik 12:00etara. 

Mota askotako ikastaroak antolatu dira aurtengo kurtso berrirako, eta antolatzaileek honakoa azaldu dute, «nahiz eta aurretik izena emanda izan, ikastaroa egiteko asmoa duen orok konfirmatu egin behar du: bulegoan, Whatsapp biez edo helbide elektronikora idatzita». 

Guztira sei dira Goiz Eguzkik antolatu dituen ikastaroak, hala nola, Mantentze-gimnasia, Cachibol, Yoga, Aretoko dantzak, Ipar martxa eta azkenik, Frantsesa. 

Mantentze-gimnasia, kiroldegian eskainiko da, astelehen eta asteazkenetan. Antolatzaileek azaldu dute oraindik ez direla zehaztu ordutegiak; «kiroldegikoen informazioaren zain gaude, hala ere, interesa dutenen kopurua ikusita, behar bada zozketa egingo da». 
Cachibol ere kiroldegian eskainiko da, astearte eta ostegunetan izango da ikastaro hau, goizeko 9:45etatik 11:15etara. 
Yoga zerbitzuaz gozatzeko aukera ere izango dute Goiz Eguzkikoek, izan ere, egoitzan bertan egingo da, astearteetan arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara. Horrez gain, aipatu dute tarifa izango dela erabiltzaile kopururen araberakoa; «25 eta 30 euro artean izango delakoan gaude». 

Aretoko dantzei buruz, bilera bihar
Goiz Eguzkikoek ez dute aspertzeko tarterik izango, dantza ikastaroak ere antolatu baitira. Aretoko dantzak, asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara bitartean. Hemen ere, tarifa izango da erabiltzaile kopuruaren araberakoa. Eta xehetasun gehiagorako, bihar goizeko 11:00etan, bilera bat antolatu dute, Goiz Eguzkin. 

Ostegun goizetan, Ipar Martxaz gozatzeko aukera eskainiko da; «12 euroko prezioa du, hilabeteko». Eta bi maila bereizi dituzte; alde batetik, goizeko 09:15etatik 10:45etara erritmo bizixeagoa dutenentzat. Eta bestetik, erritmoa motelxeagoa dutenentzat, goizeko 11:00etan hasiko da Ipar Martxa, eta 12:30ak arte iraungo du. 

Frantseseko ordutegiak zehazteko, ostiralean bilera 
Kirola eta dantzaz gain, hizkuntza berri bat ikasteko parada ere eskainiko du Goiz Eguzkik: Frantsesa. Goizez izango da, eta ordutegia zehazteko, bilera bat egingo da datorren ostiralean, goizeko 10:30etan. 

Goiz Eguzkiko ikastaroen antolatzaileek azaldu dute ikastaroetan parte hartzeko, ezinbestekoa dela 2021 urteko kuota ordainduta izatea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!