«Gaztelekua hezitzaileek eta gazteek osatzen dugu, edonon gaudela ere»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 19a, 00:00
Gaztelekuko hezitzaileak prest daude irekierarako.

Motorrak berotzen hasita, datorren ostegunean ateak irekiko ditu Hernaniko Gaztelekuak. Hauen programazio eta helburuen berri eman dute, Kronikan. 

Urteroko zitari eutsiz, Hernaniko Gaztelekuak ateak irekiko ditu datorren ostegunean arratsaldeko 17:00etan. Hau kontutan izanik, datozen hilabeteetako programazioaren berri eman dute bertako hezitzaileek, hala nola, Esther Navajas, Ixone Aiestaran, Nerea Serrano eta Xabi Ormazabalek.  

Hezitzaileek jakinarazi dute, Gaztelekua Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Arloko doako zerbitzua dela, eta  12 eta 17 urte bitarteko nerabeei «aukera paregabea» eskaintzen diela aisialdiaz gozatzeko; «lagunekin egoteko eta euskeraz, modu aktiboan parte hartzeko». Horrez gain, Hernaniko Gaztelekuak, herriko ekimen, edo ekintza komunitarioan parte hartzea sustatzen du, «nerabeei iritzia eman eta beraien presentziari garrantzia ematen laguntzeko» azaldu dute hezitzaileek. 

Pasa den urtean, Gaztelekuak eraberritze lanak egin zituen, eta aipatu dutenaren arabera, itxura berritua du lokalak; «kolore anitzeko espazioa da, mota ezberdinetako material eta jolesekin...». Lokalaz gain, Gaztelekuak herriko txokoak erabiltzen ditu, izan ere, «Gaztelekua hezitzaileek eta gazteek osatzen dugu, edonon gaudela ere». Gainera, Gaztelekuko zerbitzuaren xede nagusietako bat zein den azaldu dute: «hezitzaile taldea gazteen erreferentziazko helduak bilakatzea da. Modu horretan gazteek epaituak sentitu gabe beraien bizipenak, kezkak, edo hausnarketak partekatzeko aukera izan dezaten». Hau kontutan izanik, Gaztelekuaren egunerokoaren ardatz nagusia izango da «gazteen osasuna eta zaintza».

Ikasturte berriarekin proiektu ugari datoz, eta horietako bat izango da gazteek beraien proposamenak eta ekarpenak egitea;  «dinamika bat egin dugu Gaztelekuan, gazteen interesguneak eta zaletasunak ezagutzeko. Eta hauek helarazi daitezke hezitzaileei, helbide elektroniko bidez edo sare sozial bidez, (14 urtetik gorakoa izanez gero)». 

Hilabetero ekintza mordoa presatzen ditu Gaztelekuak, eta ekintza nagusienak jasotzen dituen egitaraua osatu dute: Gaztelekuko lokalaren sarrera ondoko panelean (eskuineko argazkia) eta kalean daude ikusgai. Eta sare sozial bidez ere ematen dute programazioaren berri. Programazioetan nerabeen proposamenak jasota daude, eta hezitzaileek diote ekintzarik azaltzen ez den egunetan; «nerabeek aldez aurretik gurekin batera ekintza zehatzen bat prestatu edo momentuan nahi dutena egin, edota lasai egon... aukera zabala dago egun hauetan». 

Pasa den ikasturtean, lokala alokatzeko aukera jarri zuten eta aurten, nerabeei ere hitza eman nahi die Gaztelekuak; «entzungo diegu eta interesa badute, bere proposamenen arabera diseinatuko ditugu honen nondik norakoak». 

Aurtengo Covid-19 protokoloa aldatu egin du Gaztelekuak: «lokalaren baitan, aldi berean, 30 gazte egon daitezke eta arratsalde guztian zehar 50 nerabek erabili dezakete zerbitzua». Halaber, musukoaren erabilera beharrezkoa da, eta Gaztelekuan ez da jan ez edango.

Xehetasun gehiago
Gazteek zerbitzuaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa da guraso edo tutoreek izen emate orria betetzea. 
Gaztelekuaren ordutegia honakoa izango da: asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara, eta ostiraletik igandera 16:30etatik 20:30etara. Udaberriko, neguko eta udako oporraldietan gainera egitarau berezia antolatzen dute. 

Amaitzeko, Gaztelekuak honako mezua helarazi du: «12 eta 17 urte bitarteko nerabeen guraso edo tutoreei, Gazteleku zerbitzua eta hezitzaile taldea ezagutzeko eta dituzten zalantzak edota kezkak argitzeko deia luzatu nahi dugu». 

Ekintza nagusienak iragartzeko panela. 

URRIKO HAINBAT
EKINTZETAN IZEN EMATEA 

Gaztelekuko hezitzaileek aipatu dute, irailean eta urrian zehar zenbait ekintza egingo ditzutela, eta horien artean aldez aurretik izena eman behar dela bi ekintza hauetan: 

URRIAK 2 
10:00 Canopy abentura parkera Donostiara. Izen ematea irailaren 23tik 29ra arte Gaztelekuan. 

URRIAK 16 
Scape Rooma Hernanin barrena. Izen ematea irailaren 30ean irekiko da. 

INFORMAZIO ETA 
HARREMANETARAKO 
Telefonoa edo Whatsapp-a: 943 57 54 37 edo 688 823 420. 
Helbide elektronikoa: gaztelekua@hernani.eus 
Sare sozialak (Twitter edo Instagram):  @hgaztelegua
Helbidea:  Aristizabal kalea 5, behea, 20120, Hernani. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!