Lokal berria estreinatzearekin batera, hainbat ekintza antolatu ditu Amherrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Euskera eta gaztelania ikasteko egitasmoko bi kide, saio batean.

Atzerritartasunaren tramiteen gaineko hitzaldia, ostegunean. Euskera eta gaztelania ikasteko eskolak ere izango dira aurten.

Kulturarteko Plaza Feministaren inaugurazioa izan zen joan den larunbatean; eta horrekin batera, herriko hainbat elkartek eta eragilek beraien proiektuen berri eman zuten. Bertan izan ziren Amherreko kideak ere; izan ere, lokala lekuz aldatu dute, eta, aurrerantzean, Kulturarteko Plaza Feministan arituko dira lanean, Florida auzoko 28 zenbakian. Betiko moduan, informazio gehiago behar dutenentzat, elkartearekin harremanetan jartzeko deialdia luzatu zuten: amhersosarrazakeria@gmail.com helbidera idatzita edo, bestela, 667 710 928 / 650 294 390 / 671 116 414 telefono zenbakietako batera deituta.

Hainbat proposamen, ikasturte honetarako

Lokal aldaketarekin, «etapa berria» hasiko dutela adierazi zuten Amherreko kideek. Bultzada horrekin, gogotsu hasi dute ikasturtea, eta hainbat jarduera proposatu dituzte datozen hilabeteetarako.

Horrela, datorren ostegune­an, iraila­ren 23an, atzerritar­tasu­naren tramiteei buruzko hi­tzaldia izango da Biterin. Arra­tsal­deko 18:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta gai hori erdigunean jarrita, hainbat alderdi landuko dituzte; besteak beste, atzerritarren kontratazioa, baimenen berritzea, edota inklusioa gizartean. Elena Stati arituko da hizlari lanetan, Aholku Sarea taldeko kidea.

Bestalde, euskera eta gaztelania ikasteko saioak ere antolatu dituzte. Bi eskola mota izango dira: presentzialak eta binakako elkarrizketak. Zabalik dago izena emateko epea, 667 710 928 telefono zenbakian.

Horren haritik, bilera egingo dute datorren astelehenean, Kulturarteko Plaza Feministan, bikote linguistikoetan parte hartzeko bolondres izan nahi dutenekin. Arratsaldeko 18:30etan izango da, eta bertaratzeko aukera ez dutenei, aurretik aipatutako telefono zenbakira deitzeko eskatu diete. Horiei, Amherrekoek telefonoz jakinaraziko diete saioen gaineko informazioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!