Euskalnafarren historia ikastaroa, lau saiotan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00

Urriaren 6an hasita, asteazkenero izango dira saioak, Biterin. Irailaren 30era arte eman daiteke izena, posta elektronikoz.

Euskalnafarren historia ikastaroa antolatu du Hernani Errotzenek, urrirako, lau saiotan. Asteazkenero izango dira saioak (urriak 6, 13, 20 eta 27), arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, Biteri kultur etxean. Beñi Agirrek gidatuko ditu saioak, eta Nabarraldek online eskaintzen duen ikastaroaren laburpena egingo du horietan, Antzin Arotik gaur arte. Ikusentzunezko materialarekin lagunduta eskainiko dituzte saioak, eta laburpen testua jasoko du ikasle bakoitzak.

Ikastaroaren helburua da, «gure herriaren historia ezagutaraztea; historia eta oroimen historikoari buruzko gogoeta analitikoa sustatzea; eta gure historiaren ikuspegi zehatz eta dokumentatua eskaintzea».

Izenemate epea, zabalik

Ikastaroaren prezioa 15 eurokoa da, eta zabalik dago izena emateko epea, irailaren 30era arte. Horretarako, posta elektronikoz idatzi behar da, herriaerrotzen@gmail.com helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!