Bueltan da hitzaren jaialdia, lau emanaldi berezi eta Hernaniko aurreneko Liburu Azokarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Nagore Zubitur, Koro Etxeberria eta Rakel Gonzalez, aurkezpenean.

Irailaren 29tik urriaren 2ra izango da Hitz Andanaren laugarren edizioa. «Indar haundia dauka aurtengoak, emanaldi bakoitzak dauzkalako bere nortasun propioa eta berezitasunak», nabarmendu dute.

Laugarrenez ospatuko du hitzaren inguruko jaialdia Hernanik, berritasunez eta berezitasunez betetako edizioan. Irailaren 29an hasi, eta urriaren 2ra arte izango da Hitz An­dana, lau emanaldirekin, eta aurrenekoz egingo den Liburu Azokarekin.

Ostegunean aurkeztu zuten programazioa, Koro Etxeberria kultur zinegotziak, Rakel Gonzalez Udal Liburutegiko arduradunak, eta Nagore Zubitur Dobera Euskara Elkarteko teknikariak. Izan ere, Doberak eta Udalak elkarlanean antolatu dute, urriaren 2ko Liburu Azoka.

«Bere lekua egin du Hitz Andanak, Hernaniko urteroko pro­graman. Hitza modu des­­berdinetara aurkeztuz, gozatzeko aukera eskaini nahi diegu herritarrei, eta ziur nago gustuko izango dutela aurtengo egitaraua, anitza eta kalitatezkoa», adierazi zuen Etxeberriak. Bi emanaldi nabarmendu nahi izan zituen zinegotziak: «bate­tik, Chillida Lekun egingo den emanaldia, Sorginak eta sorginkeriak. Oso leku aproposa da emanaldi horretarako, ezin ukatu daitekeen magia daukalako museoak. Eta bestetik, lehenengo aldiz antolatuko den Liburu Azoka, Doberarekin».

«Interesgarria» izateaz gain, aurtengo edizioak «indar haundia» daukala nabarmendu zuen Gonzalezek, «emanaldi bakoitzak dauzkalako bere nortasun propioa eta berezitasunak».

 

Hitzaren forma guztiak, gozagarri: bertsoak, olerkiak, poesia, narrazioak...

Ez da kasualitatea bertso saio musikatuarekin hasiko da Hitz Andana, irailaren 29an, arratsaldeko 19:00etan Biterin. Lau bertsolari ariko dira, denak emakumezkoak: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Ane Labaka. Amaia Agirrek jarriko dizkie gaiak, eta Ixak Arruti gitar-jolea eta Gari Otamendi biolin-jolea izango dira musikariak. «Helburua da, emakumez bakarrik osatutako bertso saioak ere izatea etorkizunean, naturaltasun osoz».

Ondoren, poesia izango da protagonista, irailaren 30ean eta urriaren 1ean; «baina bi emanaldi zeharo ezberdinekin». Esaten dugun argia izango da aurrenekoa, 19:00etan Biterin, Karlos Linazasororen azkeneko liburuan oinarrituta. Poema batzuk irakurriko ditu Linazasorok berak, bi musikari hernaniarren laguntzarekin: akordeoiarekin Joxan Goikoetxea, eta gitarrarekin Iosune Marin. «Poema zoragarriak dira, sentsibilitatez beterikoak, bizitza zer den oinarri hartuta», nabarmen­du zuen Rakel Gonzalezek.

Urriaren 1eko emanaldiak, berriz, uztartuko ditu Joseba Sarrionandiaren poemak, Kukai dantza taldearen koreografia, eta Tanttaka teatroaren eszenografia: Hnuy illa eskainiko dute Biterin, 19:00etan. «2008an sortu eta MAX Saria jaso zuten, eta berrikusi eta eguneratu egin zuten joan den urtean. Hori da Hernanin ikusiko duguna».

Eta urriaren 2an izango da Chillida Lekuko emanaldia, Sorginak eta sorginkeriak, 18:30etan hasita. Toti Martinez de Lezea idazlearen narrazioek hartuko dute museoa, Gorka Hermosaren akordeoi doinuek eta Edurne Zabaloren klarinete hotsek lagunduta. Kanpoaldean izango da, eta eguraldi txarra eginez gero, data aldatuko dute.

18 postu, liburu aurkezpenak eta emanaldiak, Azokan

Eta egun horretan bertan, urriaren 2an, Liburu Azoka izango da protagonista Hernanin. Atsegindegin egingo dute, egun osoan zehar: goizez 10:30etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta arratsaldez 16:30etan hasi eta 19:00ak arte. 18 postu izango dira guztira, 12 argitaletxe edo ekoizlerenak; eta horietan, egileak ere izango dira, liburuak sinatzen: Markel Oyarzabal, Elena Martinez, Ainara Azpiazu Axpi, Goizane Aizpurua, Yurre Ugarte, Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz-Azkue, Unai Elorriaga eta Alex Orbe, Juan Kruz Igerabide, eta Ana Malagon.

Baina postuez gain, beste gune bat ere izango du azokak, emanaldi eta aurkezpenetarako. Bertan emango dio irekiera azokari Gorka Olazabalek, bakarrizketa batekin, 10:30etan; bost libururen aurkezpenak izango dira 11:30etan eta 17:30etan; irakurraldia egingo dute 13:30etan, Hernaniko Kale Literatura taldearen eskutik; Sorgina Txirulina ipuin kontalariaren saioa izango da 16:30etan (Euskal mitologia jira eta bira ipuin musikatua, 4-8 urteko haurrentzat); eta Doberaren Kromiki Lehiaketaren sariak banatuko dituzte 18:45etan, azokaren itxiera ekitaldia egitearekin batera.

Sarrerak eta gonbidapenak, astelehenetik eskuragarri

Hnuy illa eta Sorginak eta sorginkeriak emanaldietarako sarrerak 8 euro izango dira, eta doakoak izango dira gainerakoak, baina gonbidapena eskuratu beharko da aurretik, edukiera mugatua izango baita. Emanaldi guztietarako sarrera eta gonbidapenak, datorren astelehenetik aurrera izango dira eskuragarri: kultura.hernani.eus webgunean, eta Biteri kultur etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!