Amaren intxaurrak jasoko dituzte datorren larunbatean, Atsegindegin, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Pirritx, Porrotx, Marimotots eta lagunak amatxo Loretoren intxaurrondoarekin.

'Amaren intxaurrak' emanaldia izango da irailaren 25ean. Lehenengo ekitaldirako sarrerak berehala agortu ziren eta, beraz, bigarrena ere egingo dute. Bata, 16:30etan izango da eta bestea, 19:30etan. Sarrerak salgai daude.

Datorren larunbatean, irailaren 25ean, Amaren intxaurrak emanaldia izango da Atsegindegin. Ikuskizun bakarra zegoen aurreikusita, baina sarrerak berehala agortu zirela jakinarazi zuten antolatzaileek. Hori horrela, beste txanda bat antolatu zuten. Lehenengoa 16:30etan hasiko da eta bigarrena, berriz, 19:00etan. Sarrerak salgai daude 9 euroan, Musika Eskolan edo online, www.kutxabank.es webgunean.

Amatxo Loreto oroituko dute

Gaur zortzi, Pirritx eta Porrotx Marimototsekin elkartuko dira parke magikoan.  Amatxo Loreto duela 3 urte hil zen, eta hirurek intxaurrondoa landatu zuten bere oroimenez, hura agurtu zutenean. Datorren larunbatean, intxaurrondoak emandako lehen fruituak dastatuko dituzte. Eta, egiteko horretan daudenean, intxaurrak jan ahala, Loretorekin bizitako abenturak partekatuko dituzte Atsegindegira bertaratzen diren haurrekin eta familiekin.

Triste egon ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots, amatxo Loreto hil zenean. Hala ere, dolua pasa dute dagoeneko, eta Kronikari kontatu diotenez, «pozik» daude pailazoak. Amatxo gogoan dute beti, eta egunero-egunero akordatzen dira berarekin. «Irria ateratzen zaigu ama gogora ekartzen dugun bakoitzero, intxaur zaporeko irria!».

Gainera, Marimototsek gordeta ditu amak emandako haziak, parkeko landare eta lore magiko guztienak. Datorren larunbata, egun aproposa izango da hernaniar guztiek, elkarrekin, hazi horiek ereiteko. Pirritx, Porrotx, Marimotots eta ikuskizuneko gainerako lagunak gogotsu daude horretarako, eta ilusioz zapalduko dute Atsegindegi. «Mundu berria sortzera goaz!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!