Sagar uzta garaian paregabe, afari maridatuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Zenbait herritar txotxean, 2006ko sagardo egunean, Chillida Lekun.

Datorren ostiralean, irailaren 24an, afari maridatua izango da Chillida Lekuko Lurra Kafe jatetxean. Afaldu aurretik, museoa eta sagastia bisitatuko dituzte, eta lehenengo muztio dastaketa egingo dute. Sarrerak salgai daude Biterin, 40 euroan.

Hementxe dugu aurtengo sagar uzta, eta sagardogileek ziurtatu dute sagar kopuru «haundia eta osasuntsua» dagoela sagastietan. Hori aprobetxatuta, datorren ostiralean, irailaren 24an, afari maridatua izango da Chillida Lekun, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak antolatuta.  19:30etan emango diote hasiera jarduerari, eta museoa zein bertako sagastia bisitatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sagar eta lehenengo muztio dastatzea egingo dute eta, ondoren, 20:30etan, afaltzeko txanda helduko da, Lurra Kafe jatetxean. Bisita, sagardo nahiz menu goxoaz gozatu nahi dutenek, sarrera Biterin eskura dezakete, 40 euroan.

 

Euskal sagardoa eta bertako produktuak, afaltzeko

Hasierakoak, lehenengo platera, bigarrena, postrea, kafea edo infusioa eta edaria izango dituzte menu barruan, ostiraleko afarian. Hasteko, Euskal Herriko gazta taula dastatuko dute, Astigarragako Errezil sagar-dultze ekologikoarekin. Horrekin batera, Basatxerri enbutidoa ere izango da, Lezoko Kuskurroko artisau ogiarekin. Jarraitzeko, Ortiz Antxoa gildak zerbitzatuko dituzte, oliotan, Ibarrako pipermin ekologikoarekin eta Nafarroako oliba beteekin.

Sarrerakoak amaituta, lehenengo platera izango da Karabelekoko barazki ekologiko tenpura, romesku saltsarekin. Bigarrena, berriz, bakailaoa saltsa berdean, garaiko onddoekin. Ondoren, postrea ez da faltako; Rafa Gorrotxategiren postre taula aukeratu dute afaria borobiltzeko. Eta, azkenik, horretarako tartea gorde dutenentzako, kafea edo infusioa izango da aukeran.

Nahi adina sagardo izango da mahaian. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardoak dira dastatuko dituzten guztiak, inguruko hainbat sagardotegitakoak, hain justu. «Afariak aurrera egin ahala, sagardoak konbinatzen joango gara, guztiak dastatu ahal izateko», aipatu du Unai Agirrek. «Bestelako sorpresa bereziren bat ere izango dugu sagardoari dagokionez», gehitu du. Komeni da aipatzea, Hernanin, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako bost sagardotegi daudela, eta bertako sagardoa izango dela ostiralean, Lurra Kafen. Horrez gain, beste sagardo berezi batzuk ere aurkeztuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. 

 

«Bertako sagarra biltzea ezinbestekoa da guretzat»

Sagarrak biltzeko garaia da oraingoa, eta horretarako prest daude Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sagardogileak.  Sagar motek, zonaldeek, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garai zehatza, baina irailetik azarora bitartean, amaitutzat emango dute lana eta bilduta egongo da guztia. «Garai hau oso garrantzitsua da sagardogileentzat. Sagarra orain biltzen dugu eta lehengaia denez, ezinbestekoa da guretzat bertakoa izatea eta prozesuari garrantzia ematea», argitu du Unaik. Horren haritik, joan den astean aurkeztu zituzten Donostiako Trinitate plazan, aurtengo sagar uztaren nondik norakoak. «Sagar urte oparoa da 2021ekoa, eta sagasti gehienek sagar asko eta oso osasuntsua dute», deskribatu zuten sagargileek eta sagardogileek.

Aurtengorako, aurreikuspen onak dituzte guztiek. Izan ere, joan den urtekoa uzta txikia izan zen; baina, oraingo udaberrian, berriz, loraldi bete-betekoa izan zuten sagasti gehienek. Ondorioz, sagar asko hartu dute sagarrondoek, eta uztarekin pozik agertu dira sektoreko langileak. «Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 5 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan», jakinarazi zuten Donostiako aurkezpenean. Gainera, aipatu bezala, udarako eguraldiagatik, poliki-poliki heldu da sagarra eta, horrenbestez, «oso osasuntsua» irten da. Hori ez ezik, iaz baino 0,5 alkohol gradu gutxiago emateko traza ere badu. Horrek, sagardogileei lan egiteko aukera paregabea ematen die, gustukoen dituzten sagarrak aukeratu ditzaketelako sagardoa egiteko.

Era berean, Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun, eta 480 hektarea inguru sagasti. Sagar hori guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegitara joaten da, bertan Euskal Sagardoa zehazteko. Horretarako, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 115 sagar mota ditu onartuak, eta horietako 24 dira gehien erabiltzen direnak (gezak eta garratzak edo gaziak). Alegia, nabarmentzekoa da sagardoa egiteko dagoen barietate eta aukera zabala. «Sagar mota horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak», adierazi zuten joan den asteko ekitaldian.

Etorkizunerako, bide beretik jarraitu nahi dute. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu garbia zehaztu zuen Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean, %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo, Euskal Herriko, sagardo guztia.

   

«Ekitaldiak egiten jarraitzeko asmoa dugu»

Euskal Sagardo proiektuak lan haundia egin du guztia aurrera eramateko, eta produktuaz gain, jardueren eskaintza zabala aurkeztu dute urtero.  Hernanin, esaterako, pandemia aurretik,  botilako euskal sagardoaren aurkezpena egiten hasi ziren. «Koronabirusak, ordea, nahiko geldirik izan du dena», aipatu zuen Unaik. Edonola ere, zenbait ekitaldi egiteko aukera izan dute. Horietako bat Hernanin izan zen, joan den urtean, nazioarteko sagardoen dastaketan. Aurten,  ez dute ekintzarik gabe gelditu nahi, eta, beraz, datorren asteko afari maridatua antolatu dute Chillida Lekun. «Hernaniko Udalak lagundu digu jarduerak antolatzen eta, aurrerantzean ere, urtero-urtero, ekitaldiak egiten jarraitzea da gure asmoa». Zehazki, urtea amaitu aurretik, sagardoarekin lotutako zenbait ekintza egitea aurreikusi dituztela kontatu du. Baina horren berri aurrerago emango dute, informazio zehatzagoa izatean.

Bestelakoan, ostiralean Chillida Lekura zoaztenok, ondo-ondo pasa eta asko gozatu, bisitan eta afari maridatuan!

 

«Jende askok ez daki sagastia dagoela; baina, bai, hortxe dago!»

2006an landatu zuten  Chillida Lekuko sagastiko lehenengo sagarrondoa. Ostiralean, bisita egingo dute bertara.

Datorren ostiralean, irailaren 24an, afari maridatuaz gain, bisita egingo dute Chillida Lekun, eta bertako sagastian amaituko dute ibilbidea. «Jende askok ez daki sagastia dagoela. Baina, bai, hortxe dago», aipatu du Unai Agirrek. 15 urte atzera begiratu eta irrifartsu kontatu du sagastia landatu zuteneko pasadizoa: «gogoan daukat lehenengo sagarrondoa landatu duteneko eguna. Jendetza bildu zen Chillida Lekun, eta hortxe ibili ziren atxurrarekin, Otsua Eneako Ximon zena eta Itxas Buruko Asentxio (argazkian), beste batzuekin batera. Atentzio haundia eman zidan, dotore-dotore eta mokasinekin egin baitzuten landaketa». Datorren astean, sagastia ezagutzeaz gain, sagar eta lehenengo muztio dastatzea egingo dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!