Tolosaldea eta Hondarribia, Euskotren Ligan aritzeko lehian

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Tolosaldearekin ariko dira Eider Barba eta Enara Villena, play offean.

Play offa jokatuko dute gaur eta bihar, Deustu eta Caborekin batera, liga nagusian plaza bat lortzeko.

Asteburu honetan bukatuko da udako arraun denboraldia, eta ez daukate nolanahiko hitzordua, hainbat traineruk. Izan ere, play offak jokatuko dituzte bi egunez, mailari eutsi edo igoera lortzeko: datorren denboraldian liga nagusian aritzeko, alegia.

Eta nesketan, zenbait arraun­lari hernaniar ariko dira lehia horretan. Euskotren Ligan aritzeko plaza bat izango da jokoan, eta lau traineru lehiatuko dira: Hondarribia, Tolosaldea, Deustu eta Cabo da Cruz. Eta beraz, protagonista izango dira hiru hernaniar: Hondarribiarekin ariko da Miren Garmendia patroia; eta Tolosaldearekin Eider Barba eta Enara Villena arraunlariak.

Denboraldi honetan, Euskotren Ligako azkeneko sailkatua izan da Hondarribia, eta mailari eustea izango du helburu. Tolosaldea, berriz, ETE ligako onena izan da aurten, eta koxka bat gora egin nahi du datorren denboraldiari begira, lau traineru onenen artean aritzeko.

Deustu izan da ETE ligako bigarrena, eta Cabo da Cruz Galiziako ligako aurrenekoa. Traineru gorria izango da Galiziako ordezkari bakarra, Chapelak uko egin dioako play offa lehiatzeari.

Bi estropada lehiatuko dituzte, plaza zenentzat izango den erabakitzeko: Bermeon ariko di­ra gaur, 17:40etan; eta Portugaleten bihar, 11:20etan. Bakoitzean lortutako postuaren arabera, puntuak jasoko ditu traineru bakoitzak (4, 3, 2 edo 1); eta puntu gehien lortzen dituena ariko da Euskotren Ligan. Berdinketa izanez gero, bi estropadetako denborak batuko dituzte, desenpatea egiteko.

Mutiletan, berriz, Eusko Label ligako azkeneko bi estropadak lehiatuko dituzte asteburuan, hiru hernaniarrek: Xabat Pastorrek eta Iker Imazek, donostiarrarekin; eta Ivan Lopezek Ondarroarekin. Bermeon ariko dira gaur, 18:50etan; eta Portugaleten bihar, 12:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!