Beti Gazteren kontra hasiko du liga, Hernaniko nesken talde nagusiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Lorea Lasa hernaniarra, aurreko denboraldiko partidu batean.

Zubipen jokatuko du, gaur 16:00etan hasita, Ohorezko Erregional mailan. Beste hainbat taldek hasiko dute liga.

URUMEA  FUTBOLA

Aurreko asteburuan hasi zuten denboraldia, Urumea bailarako zenbait futbol taldek; eta asteburu honetan ekingo diote beste askok. Horrela, Hernaniko nesken talde nagusiak ere egingo du debuta, Ohorezko Erregional mailan. Beti Gazteren kontra ariko dira berdeak, Zubipen, arratsaldeko 16:00etan hasita.

Goiko postuetan aritu nahi dute hernanairrek, eta igoeraren lehian egoten saiatuko dira, Euskal Ligara bueltatzeko; baina badakite oso zaila izango dela, talde bakarra igoko delako zuzenean, eta bi­garrenak lehiatuko du igoerako play offa. 15 talde ariko dira, eta bi itzuli izango dituzte, maiatzaren erdialdera arte: 28 partidu jokatuko ditu talde bakoitzak.

Mundarroko nesken taldeak, derbia estreinakoan

Beste hainbat taldek ere egingo dute debuta asteburuan. Eta horien artean dago Mundarroko nesken taldea, Erregional Preferentean ariko dena. Aurten neska seniorren taldea osatu ondoren, derbiarekin estreinatuko dira moreak: Hernaniren kontra jokatuko dute, bihar 10:00etan, Zarkumendegin. Mundarro eta Hernanirekin batera, beste sei talde ariko dira Erregional Preferenteen bigarren multzoan: 14 partidu jokatuko dituzte, abendura bitartean, bi itzulitan. Hiru multzo dira guztira.

Mutilen talde nagusienei da­gokienez, bigarren jardunaldia izango dute asteburuan. Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeak Andoainen jokatuko du, Euskaldunaren kontra, gaur arratsaldeko 16:00etan. Eta Liga Nazionaleko jubenilek Zubipen hartuko dute Antiguoko, bihar 12:00etan. Mundarroko Erregional Preferenteek ere, aurreneko partidua dute etxean: Billabona hartuko dute Zarkumendegin, gaur 16:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!