Bertsoak, txistulariak, herri kirolen erakustaldia, dantza emanaldia eta beste asko, Euskal Jaietan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Taloak egin zituzten 2019ko Euskal Jaietako ekintzetako batean.

Asteburu berezia dute aurretik hernaniarrek. Gaurtik hasita bihar arte, ekintza ugari antolatu dituzte kultur programazioan, Euskal Jaien plangintzaren barruan, eta haurrek, gazteek zein helduek izango dute zeregina. 

Entretenimenduak ez du etenik irailean, Hernanin. Atzo, Kalakan taldeak emanaldia eskaini zuen Atsegindegin, eta eserleku guztiak betetzea lortu zuten musikariek. Erritmo berari jarraituz, asteburu honetan, Euskal Jaiak izango dira herrian, eta ekintza ugari antolatu dituzte horren barruan, hilabete honetako kultur ekintzen programazioan. Gaurtik hasita bihar arte, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat egongo da zeregina.

Denetarik egiteko aukera izango dute hernaniarrek. Gaur, 12:00etatik aurrera, herri kirolen erakustaldia izango da Atsegindegin. Ondoren, 19:00etan, bi emanaldi proposatu dituzte. Batetik, Balkotik balkoira, Biterin; eta, bestetik, musika bandaren kontzertua Gay Mur eskolako patioan. Bertso saioa Paulo Ttikiya bertso eskolak eta Ohitura Zaharra abesbatzak antolatu dute, eta bertsotan izango dira Eli Pagola, Agin Laburu, Oihana Iguaran eta Xebastian Lizaso. Gai jartzaile lanak, berriz, Asier Azpirozek egingo ditu. Saio berezia izango da, Biteriko balkoitik balkoira bertsotan ariko baitira bertsolariak.

Azkenik, eguna ezin hobe amaitzeko, Ruper Ordorikaren kontzertua izango da Ereñotzuko frontoian, 22:00etan, Olak Auzo Elkarteak antolatuta.

Bihar, goizean goiz dianak esnatuko du herria. Hernaniko Txistulari Banda kaletatik barrena ibiliko da, egunari doinua jartzeko asmotan. Arratsaldean, 16:30etatik aurrera, pelota partiduak jokatuko dira kiroldegiko frontoian. Pilota Elkarteak antolatuta, eskuz eta palaz arituko dira pelotariak.

Dantza ere izango da asteburuan. Hain justu, bihar, egitaraua itxiko du Kimua Dantza Kolektiboko GenEroa ikuskizunak. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta Atsegindegin izango da.

Gonbidapenak, aurrez

Orain arte aurkeztutako gainerako kultur ekintzetarako bezalaxe, asteburu honetan izango diren saio batzuetarako ere beharrezkoa da aldez aurretik gonbidapenak eskuratzea. Zehazki,  biharko dantza ekitaldirako beharko dira. Eskuragai daude Biterin edo, bestela, www.kultura.hernani.eus webgunean. 

Ruper Ordorikaren kontzerturako, aldiz, sarrerak salgai egon dira Auzo Udalean edo interneten, 8 euroan. 

 

Euskal Jaiak 2021

GAUR

Herri kirolen erakustaldia, Atsegindegin, 12:00.

'Balkoitik balkoira', Biterin, 19:00. Bertsolariak: Eli Pagola, Agin Laburu, Oihana Iguaran, Xebastian Lizaso. Gai-jartzailea: Asier Azpiroz.

Musika Bandaren kontzertua, Gay Mur eskolako patioan, 19:00. 

Ruper Ordorikaren kontzertua, Ereñotzuko frontoian, 22:00.

 

BIHAR

Diana, Hernaniko Txistulari Bandarekin.

Trikitixa txapelketa, Atsegindegin, 12:00. 

Pelota partiduak eskuz eta palaz, kiroldegiko frontoian,  16:30.

Kimua Dantza Kolektiboaren 'GenEroa' dantza emanaldia, Atsegindegin, 19:00.

 

SARRERAK

(*) Emanaldi batzuetarako gonbidapena behar da. DOAN banatuko dira, aurrez, Biterin edo 'www.kultura.hernani.eus' webgunean. Besteetarako, sarrera eserlekuak bete arte egongo da zabalik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!