Merkataritza Festak hartuko du Kaxkoa bihar, eta ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 16a, 00:00
Herriko komertzioen postuetako bat, 2019ko Merkataritza Festan.

Kalera aterako dituzte postuak, herriko komertzioek, 09:00etatik 20:00etara. Zamalanetarako ere itxita egongo da Kaxkoa.

Bueltan da Berriak Merkatari eta Ostalari elkarteak antolatutako Merkataritza Festa. Bihar, herriko Kaxkoa kolorezko globoz beteko da, eta herriko komertzioen postuek apainduko dute alde zaharra. Goizeko 09:00etan hasi, eta arratsaldeko 20:00ak arte egongo dira kalean.

Merkataritza Festa dela eta, aipatutako ordu horietan debekatuta egongo dira ibilgailuen zirkulazioa eta zamalanak, Kaxkoan barrena:  Kale Nagusian, Andre Kalean eta Plaza Berrin. Zamalanak egiteko, Atzieta eta Izpizua kaleak erabili ahalko dira. Horri buruz zalantzarik izatekotan, Hernaniko Udaltzaingoan galdetzea gomendatu dute.

Herritarrek, berriz, Kaxkoan zehar izango dute aukera bihar, egun osoan zehar, postuak kalean bertan bisitatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!