Euskera ikasi, hobetu eta erabiltzeko gonbitea luzatu die herritarrei, Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 14a, 00:00
Oier Agirresarobe ezkerrean, jarraian Ixiar Eratsun, ondoren Lander Ibarburu eta eskuinean Gurutze Salaberria.

Hernaniko Udalak euskera ikasteko beketan edo laguntzetan urtean banatzen duen dirua 67.000 eurokoa da. Eta argi utzi du helburua zein den; «doakotasunera heltzea da xedea, bide horretan ari gara lanean». 

Atzo, Hernaniko Udalak, AEK Euskaltegiek eta Doberak, «herritarrak euskara ikasi, hobetu eta erabiltzeko» gonbitea luzatzeko, aurkezpena eskaini zuten. Bertan izan ziren, AEK Euskaltegiko Ixiar Eratsun, Udal Euskaltegiko Gurutze Salaberria, Dobera Euskara Elkarteko Lander Ibarburu eta Hernaniko Udaleko ordezkaria Oier Agirresarobe.

Aurkezpenean argi utzi dute zein zen herritarrei helarazi  nahi dien mezua: «animatu nahi ditugu herritarrak euskara ikastera, hobetzera eta hau erabiltzera». Hori kontutan izanik, Oier Agirresarobek, 2016ko hainbat datu eman ditu, eta honakoa aipatu du; «azken 30 urteetako datuen bilakaera aztertzen badugu, Hernanin gora egin du bai ezagutzak baita erabilerak ere, hori agerikoa da. Eta hobekuntza horien atzean daude eskolak eta euskaltegiak». 

Datuen irakurketa egin ostean, Oierrek azaldu du garrantzitsua dela datuen irakurketa, «errealitatea zein den ahalik eta ongien ezagutzeko, eta hizkuntzaren normalizazioan egin beharreko lanetan lehentasunak ongi finkatzeko».  Lehentasun horietako bat; «herritarrok euskera ikasi, hobetu eta dakiguna erabiltzea, horiek eramango gaituztelako euskeraz ahalik eta erraztasunik haundiena eskuratzera, eta ondorioz, gero eta gehiago erabiltzera».  Eta horregatik, Udalak euskera ikasteko beketan edo laguntzetan, 67.000 euro banatzen ditu. 

Gurutze Salaberriak gehitu du Udal Euskaltegia prest dagoela ikasturte berrirako; «formazio eta esperientzia haundiko irakasle talde bat dugu prest eta gogotsu gaude hernaniarrei eta Hernanira etorri diren horiei helburuak betetzen laguntzeko». Udal Euskaltegiak maila guztiak ditu; eta Salaberriak dio lehenengo aldiz C2 maila eskainiko dela. Horrez gain, Udal Euskaltegiak, aurrez aurreko klaseak emateaz gain, autoikaskuntza ere badauka. Argi utzi du herritar guztiei egokitutako mailak izango direla; «herritarren behar eta helburuetara egokituko gara. Edozein maila eskaintzen dugu, eta ordutegia ere zabala daukagu, goizetik gauera arte». 

Horrez gain, Salaberriak dio   euskera ikasi nahi duenarentzat dirua ezin dela arazo izan; «Hernaniko Udalak hernaniarrei ematen dieten dirulaguntza haundia baita». Udal Euskaltegiaren asmoa da, hilaren 22an ikasturteari hasiera ematea, osatuta dauden taldeekin, hala  ere, matrikulazio epea hilaren 24ra arte izango da. Ate irekiak ere egingo dira etzi, «bigarren deialdiko B1, B2 eta C1 mailara aurkezteko asmotan dabiltzan ororentzat». Goizeko 09:30etatik  12:30etara eta arratsaldeko 16:30etatik 18:30etara bitartean izango dira aipatutako ate irekiak eta doakoa izango da. 

AEK Euskaltegiko Ixiar Eratsunek azaldu du Hernaniko AEK Euskaltegia ere prest dagoela ikasturte berrirako; «azken urteetan bezala C2 mailatik   hasi eta guztiak eskaintzen ditugu, bai taldean, eta auto-ikaskuntzan». AEK Euskaltegiak gainera, ikasturteko kurtsoaz gain, udan ere klaseak eskaintzen ditu; «horietako bat da Maitelan kooperatiba, klaseak jasotzen ari baitira». Ixiar Eratsunen arabera «euskeraren erabilera da erronka nagusia. Izan ere datuetan bai igo dela, baina oraindik hor daukagu gabezia txikia eta horretan jardungo dugu lanean». 

Dobera Euskara Elkarteko Lander Ibarburu bat dator Oier, Gurutze eta Ixiarrekin. Gainera Doberak urte honetan eskuartean dituen proiektuen berri ere eman du: «Mintzalagunarekin jarraituko dugu. Euskareraz aritzeko ohitura edo trebetasuna hartzea helburu duen programa da hau. Bi alderdi ditu proiektu honek, euskera hitz egiten dutenen esku zabaltasuna eta euskera ikasi nahi dutenen gogoa». Mintzalaguna, gutxienez astean behin egiteko pentsatuta dago, edo gehiegotan noski. Doako zerbitzua da» Borondatezko ekintza honek, bi baldintza nagusi ditu; alde batetik euskeraz hitz egiten jakitea, eta bestetik astean behin elkartzeko aukera edukitzea». Horrez gain bakoitzaren ordutegietara egokitzeko aukera ematen da. 

Amaitzeko, Hernaniko Udal ordezkariak herritarrei mezu bat helarazi nahi izan die: «gonbidatu nahi zaituztegu euskera ikasi, hobetu eta erabiltzera».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!