«Ingurukoek ni baino gehiago sufritu eta gozatu dute aurten»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 14a, 00:00
Endika Barrenetxea. Argazkia: Maialen Andres

Aurretik egin duen lan guztiaren errekonpentsa etorri zen larunbatean. «Finalera momentu onenean iritsi naiz, sasoirik altuenean».

Endika Barrenetxeak bigarrenez irabazi zuen larunbatean, Buruz Buruko Erremonte Txapelketa. Garaipen horrekin, Imanol Mujika, Miguel Mari Urrutia edo Patxi Zeberio bezalako erremontista haundiekin berdindu du palmaresean.

Zapore benetan gozoa utzi dio hernaniarrari bigarren txapelak. «Oso zapore ona utzi dit. Alde batetik, horrenbesteko esperantzarik ez neukan txapelketa honetan. Hasierako nahia zen pasa den urteko papera hobetzea eta, finalera sartuta, helburua bete nuen. Horrek eman zidan lasaitasun puntua, eta hortik aurrera, dena oparia zen niretzat. Txapela irabazteko ez nengoen mentalizatua. Oso gustura geratu naiz etxekoek eta ingurukoek hartutako pozarekin. Ni baino urduriago zeuden jokatzen hasi aurretik eta, behin txapela irabazita, ni baino alaiago daude. Gehiago gozatu dute; esperantza gehiago zuten, asko bultza didate eta oparia ere haundia izan da».

Aurreko urteetan txapelketa ustuta amaitzen omen zuen, indarrak xahututa, baina «aurten oraindik beste astebete egon beharko banuke partidu baten zain, egongo nintzateke. Gorputz onarekin amaitu dut txapelketa. Finalera fisikoki justu iristen zara, burua eta gorputza kargatzen joaten dira. Aurten, aldiz, sasoi benetan onarekin iritsi naiz».

 

«Horrela jokatzeko gaitasuna nuela banekien, baina gero irten egin behar zaizu»

48 ordu pasa eta gero, finalak sentsazio oso onak utzi dizkio Barrenetxeari. Dena oso ongi egin zuela pentsatzen du. «Partidua jokatzen ari zarenean sentsazioak izaten dituzu eta gero, agian, partidua berriz ikusita, ezberdinak izaten dira. Kasu honetan, kantxan izan nituen sentsazioak eta gero finala berriz ikusita izan ditudanak antzekoak dira. Igande goizean, 07:00etan jarri nintzen finala ikusten, tentsioak ez zidan lo egiten uzten, Urrizari WhatsAppa bidali nion eta segituan erantzun zidan. Bera ere lo egin ezinik zegoen, bizitako tentsioaren eraginez. Bera ere finala ikusten ari zen bigarren aldiz. Pilota oso zailak eman nituen altura eta ongi emanez; eta, horrez gain, ikus daiteke nola Urrizak dozena bat pilota ikaragarri zailak defendatzen dituen».

Barrenetxearen ustez, biek jokatu zuten asko erremontean. «Partiduan berak buena bat gehiago sartuko zuela pentsatzen nuen, baina oso zaila jarri nizkion errebote eta pilotakada. Ez zuen hutsik egiten; alderantziz, nik egiten nuen tanto. Horrela jokatzeko gaitasuna nuela banekien; hala ere, partiduan irtetea zailagoa da eta finalean oraindik eta gehiago. Esfortzu, entrenamendu eta errepikapen askorekin horrelako mailan mantendu izanak, ia denean zortziko maila altua mantendu izanak, edozeini irabazteko aukera dagoela erakusten dizu».

 

«Konfiantza osoz eta oso zuzen, ongi kokatuta, aritu nintzen peloteoan»

Akats gutxiko finala izan zen, nahiz eta partidu eta final bizia izan. Barrenetxea piloteoan nagusi izan zen eta hori erabakiorra izan zen. «Aurkezpenean eta ekitaldian hoztuta geratu nintzen, izerdia ezin bota. Hasi nintzenean, erdi blokeatuta nengoen. Tanto baten esperoan nengoen izerditan hasteko; eta, gero, izerditan hasi nintzenean, pelota guztiak eskura etortzen zitzaizkidan. Oso zuzen joaten nintzen pelota bila, beti norabide onarekin eta kolpean konfiantzarekin jotzen nuen pelota. Pelota pasatzea erabaki nuen guztietan gainditu nuen gainetik Urriza».

Konfiantza osoz aritu zen atzelari hernaniarra, eta hori ez da kasualitatea. «Askotan pelotakada horiek aukeratzen dituzu, kolpea botatzen duzu, baina gorputza ez daukazu egoki kokatuta; aurkaria iritsi egiten da eta airea harrapatzen dizu. Kasu honetan, pelotara iristen nintzen hankak ongi kokatuta, pelotari emateko indarrarekin eta gero nik nabarmen nabaritu dut fisikoki oso ongi iritsi naizela».

 

«Azken hilabeteetan sei edo zazpi kilo berreskuratu ditut, eta horrek asko lagundu dit»

Masterrean, urte hasieran ez omen zegoen hain ongi prestatua, dio Barrenetxeak. «Ondoren,  Erremontari saioa iritsi zen eta kontsumitu egin zidan. Bai fisikoki bai mentalki ez nengoen behar bezala. Pisu asko galdu nuen, sei kilo inguru lana eta entrenamenduen ondorioz. Baina, gero, hiru hilabete t'erdi egon nintzen nutrizionista baten eskuetan, Aitor Ugalderekin (Osasunako nutrizionista ere bada) eta baita entrenatzaile fisikoarekin ere. Buruz burukoan zerbait egin nahi banuen kilo horiek berreskuratu behar nituela argi genuen. Egia esan,  biak profesional oso onak dira eta beraien lan onari esker zazpi kilo hartu ditu. Gorputza betetzen eta gero eta sentsazio hobea eduki dut. Finalera momentu onenean iritsi naiz eta jakin dugu sasoi forma altuenean partidurik garrantzitsuenera iristen».

Pelota oso bizi irteten zitzaion xextotik eta «xextoa zaharra zela kontuan hartu behar da», gogoratzen du Endikak. «Pelota zuzenago irteten da, baina indar gutxiagorekin.  Besoa fresko zegoen eta pelota oso bizi irteten zitzaidan. Hor egon zen finaleko gakoa. Izan ere, pelotak horrelako abiaduran etortzeak, Urrizari eragiten zion peloteoan ez menderatzea».

 

 

«Txapela hau aurretik eginiko lanaren emaitza da»

Matxinek telebistan egin zuen analisiarekin bat dator atzelari hernaniarra. «Peloteoan eta jokoan irabazi nuela esan zuen,  eta horrela izan zen. Horrek asko betetzen zaitu. Ez zen izan sakearekin menderatu nuela bakarrik; ongi sakatu nuen eta berak ere sake latzak atera zituen, baina, gero, peloteoan hartu nuen mendean. Matxinek esan zuen 18-24etik aurrera pelotak gastatu egin zirela eta indarraren poderioz tantoak egitea zailagoa bihurtu zen. Defentsa aldetik, ikusi zen biak oso enkantxatuak geundela. Bukaeran, fisikoki eutsi behar zaio, eta baita mentalki ere. Nire ustez,  partiduko tantorik erabakiorrena izan zen nik bota nuen bi pareta 23-26koan. 27garrena izan zena. Asko bota nituen aurreko astean eta konfiantzarekin bota nuen, ezin hobeto irten zen. Horrek ere hurrengo tantorako ausart izatera animatzen zaitu eta dejadarekin tanto polita egin nuen, 28koa. Azkenean, detaile horiek ongi egiteko freskotasun puntu bat eduki behar duzu. Lanaren ondorioz eginiko tantoak dira. Txapela hau aurretik eginiko lanaren emaitza izan da».


«Lagunek parranda hobea bota zuten»

Alorrenean afaldu zuen larunbatean, baina 07:00etan finala ikusten zegoen telebistan.

Behin txapela irabazi eta gero,  Barrenetxea IV.ak ez zuen ospakizun berezirik egin. «Lagunekin Alorrenea jatetxera joan ginen afaltzera. Lagunek ni baino parranda hobea bota zuten. Astelehenean, sendagilearekin zita izanda, nahiago nuen gorputzak atsedena hartzea. Hala ere, esan nien larunbatean posible izan ez bazen ere, hurrengoan egingo genuela». Igandean, goizeko 07:00etan, finala ikusten zegoen telebistan; eta, atzo, astelehenean,  sendagilearenean pasa zuen goiza gorputzeko minak askatzeko. «Gerriko eta besoko minek min gutxiago ematen dute behin irabazi eta gero». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!