Banderarekin amets egin zuten Iker Imazek eta Xabat Pastorrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 14a, 00:00
Donostiarra trainerua, aurreko estropada batean. Argazkia: Donostiarra Kaiarriba

Estropada ederra egin zuen Donostiarrak, eta Kontxako Bandera lortzeko lehian izan zen, ziabogara arte.

Kontxako Banderaren jardunaldi erabakigarria jokatu zuten igandean, eta bertan aritu ziren hainbat arraunlari hernaniar, traineru ezberdinetan. Eta horietatik bik, amets egin zuten banderarekin. Donostiarrarekin aritu ziren Iker Imaz eta Xabat Pastor, eta estropada ederra egin zuten, mutilen aurreneko txanda irabazteko. Baina hori bakarrik ez, estu hartu zituzten ohorezko txandako traineruak ere, eta ziabogara arte, bandera irabazteko lehian izan zen Donostiarra, 8 segunduren aldea lortu baitzuen lan erditan (9 segunduko atzerapena zeukan aurreko igandetik). Bueltakoan, ordea, gehiago izan ziren Santurtzi eta Hondarribia. Laugarren bukatu zuen Donostiarrak, azkeneko sailkapenean.


Nesketan, berriz, ohorezko txandan aritu ziren Miren Garmendia Hondarribiarekin; eta Laura Goldarazena Donostiarrarekin. Eta aurreneko txandan lehiatu ziren Ihintz Larrañaga, Uxue Alberdi eta Jone Pastor, Hibaikarekin; eta Eider Barba, Tolosaldearekin. Aurreneko txanda hori ira­bazita, sailkapeneko laugarren postura igo zen Tolosaldea, Hondarribiari aurrea hartuta, hain justu. Hirugarren bukatu zuen Donostiarrak, eta seigarren Hibaikak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!