Ikuskizun ederra aizkolariek, Osiñagako festa egunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 00:00
Laiene Pikabea eta Suharri 'Paolla', atzoko desafioan.

Festa eguna antolatu zuen Osiñagako Auzo Elkarteak atzo, Iparragirre sagardotegian; eta egun ederra pasa zuten bertaratuek. Tomaxen abenturekin denak dantzan jarri ondoren, aizkolariek hartu zuten txanda, ikuskizun ederra eskaintzeko.

Sei enbor zeuzkaten mozteko, bi bikoteek: Laiene Pikabea eta Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarrak, batetik; eta Jokin Urretabizkaia eta Nerea Sorondo, bestetik. Oso lehia berdindua izan zen aurreneko hiru enborretan, baina trabatu egin zitzaien laugarrena ereñotzuarrei. Ez zuten amore eman, ordea, eta aldea txikitu zuten, azkeneko enborrera pare-parean iristeraino: Pikabea eta Paolla izan ziren lanak bukatzen aurrenak, ikusleen animo eta txalo artean, segundu gutxiren aldearekin.


Bazkariak eta Andoni Ollokiegi musikariaren saioak borobildu zuten festa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!