«Indarberrituta» hasi du ikasturte berria Paulo Ttikiya bertso eskolak, hainbat berritasunekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 00:00

Zabalik dago izena emateko epea, emailez zein telefonoz, 8 urtetik gorakoentzat; eta ostiraletan izango dira saioak, Biterin. Zalantzak argitzeko, bilera deitu dute irailaren 24an. Logo berria izango du Hernaniko bertso eskolak.

Pandemiak eragindako zailtasunak atzean utzi, eta «indarberrituta» hasi du ikasturte berria, Hernaniko Paulo Ttikiya bertso eskolak. «Gogoz eta indarrez» ekin diote, eta datozen asteotan jarriko dituzte martxan, bertsolaritzan aritu nahi dutenentzako eskolak. Hainbat berritasun izango dira, gainera.

Lizardi Sariketak balio izan du, ikasturte berriaren abiapuntu gisa, Zarautzen. Bi kanporaketa jokatu ondoren, finalean aritu zen Andoni Mujika, Hernaniko ber­tso eskolako kidea; eta txapela jantzi ez bazuen ere, berak jaso zuen bertso onenaren saria, kartzelan egindako lanagatik.

Lehiaketei dagokienez, urri­an izango du beste hitzordu ga­rrantzitsu bat, bertso eskolak. Izan ere, Euskal Herriko Eskolarteko finalean ariko da Ekain Tolaretxipi, Gipuzkoako Eskolartekoa irabazi ondoren. Joan den urtean ez zen izan Euskal Herri mailako finalik, baina aurten bai, antolatu dute Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.

Bertso eskolaren saioak, ostiraletan Biterin

Baina lehiaketetatik harago, asterokoa izango da Paulo Ttikiya bertso eskolaren jarduna. Datozen asteotan ekingo diete eskolei, eta ostiraletan izango dira, arratsaldeko 17:00etan hasita, Biteri kultur etxean. Dena den, talde gehiago osatuz gero, beste egun eta ordu batean ere eskainiko dituzte eskolak.

Hori horrela, dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. 8 urtetik gorako guztiek eman dezakete izena, bertsolaritza gogoko izanez gero. Horretarako, emailez idatzi dezakete, hernanikobertsoeskola@gmail.com helbidera; edo deitu 648 643 823 telefonora (Iker Ormazabal).

Edonola ere, zalantzak argitzeko edo aurrez aurre izena emateko, hitzordua jarri dute irailaren 24an, 17:00etan Biterin.

Eta azkeneko berritasun bat ere iragarri du bertso eskolak: logo berria izango du aurrerantzean, eta presente egongo da, antolatzen dituzten saioetan. «Ez da erraza izan adostasuna lortzea», aitortu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!