Bigarrenez txapeldun Barrenetxea, peloteoan erabat nagusituta Urrizari

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 12a, 00:00

Endika Barrenetxea, atzoko garaipena ospatzen, azkeneko tantoa lortu berritan. Argazkia: Maialen Andres

24-30 irabazi zuen Endika Barrenetxea hernaniarrak, Buruz Buruko Txapelketaren finala. Galarreta frontoia beteta zela, eta giro ederrarekin, ikuskizuna haundia eskaini zuten biek.

Duela bi urte konprobatu zuen Endika Barrenetxea hernaniarrak, baietz, posible zela Javier Urrizari buruz buru irabaztea. Eta ideia hori presente zuela atera zen kantxara atzo, Buruz Buruko Txapelketaren final haundira. Baina zaila zen aurreikusten, hernaniarrak eman zuen erakustaldia: peloteoan erabat nagusitu zitzaion Urrizari, eta bigarrenez jantzi zuen txapela (24-30).

Ez zen hasieratik izan horrela, dena den. Aurreneko bost tantoak, berehala lortu zituen iruindarrak: saketik falta egin zuen Barrenetxeak aurrena, pelota gora jo zuen ondoren, eta sakez lortu zituen hurrengo hiru tantoak Urrizak. «Asko kostatu zait hasieran, eta blokeatuta aritu naiz aurreneko bost tantoetan. Baina tanto gogor bat jokatu dugu ondoren, eta hortik aurrera, ezker pareta ikutzen hasi naiz, inoiz baino gehiago», onartu zuen hernaniarrak, partiduaren bukaeran.

 

Orduan hasi zen asmatzen, eta jokoan nagusitzen. Tanto bat edo beste lortu zuen sakez, baina jokoan egin zituen gehienak, dejadaz, bi paretaz... Zein baino zein ederragoa. Horrela berdindu zuen partidua aurrena, eta horrela hartu zuen aurrea ondoren (8-9). Bi tantoren aldearekin egin zuten aurreneko atsedenerako bidea (13-15), eta ordura arte bai, eutsi zion Urrizak. Baina atsedenetik bueltan, bi tanto gogor erori ziren hernaniarraren aldera, eta zuloa haunditzen hasi zen pixkanaka. 15-24koarekin lortu zuen tarterik nabarmenena Barrenetxeak. Ederra izan zen 24garren hori, beste hainbat bezala, pelota juxtu-juxtu jaso eta tantoa bikain bukatuta.

Baina orduan eskatu zuen atsedena Urrizak, eta orduan erakutsi zituen hortzak, zazpi aldiz buruz buru txapeldun izan denak ez baitzeukan amore emateko asmorik. Lau tanto egin zituen segidan, eta Barrenetxeak bere bolada moztea lortu arren, tartea txikitzen jarraitu zuen, hiru tantora gerturatu arte (23-26). Eta mamuak azaldu zitzaizkion Barrenetxeari. Baina atzokoan ez zeukan mamukeriatarako gogorik, eta berehala uxatu zituen denak: bi pareta zoragarria egin zuen, eta hamaikagarrenez altxa zituen ikusleak, Galarreta frontoia bete zuten harmailetan, «Endika! Endika!» oihukatuz. Eta 27garren tantoko bi pareta ederra izan bazen, halakoa izan zen 28garreneko dejada ere, Urrizak berak ere txalotu zuena. Gogotik egin behar izan zuen azkeneko bi tantoak lortzeko ere, baina ez zion txapelari ihes egiten utziko: «lan asko egin dut hona iristeko, eta lan guztiak ordaintzen ditu txapela honek. Izugarri disfrutatu dut kantxan».

Esker oneko hitzak izan zituen hernaniarrak, bidelagun izan dituenentzat; atzokoan ere botilero izan zuen Aritz Zubiri goizuetarrarentzat, esaterako: «Aritzek oso ondo gidatu nau, eta berari esker ere irabazi dut».

Omenaldia egin zioten Juanpe Ugarte xextogileari, eta amak jantzi zion txapela.

Juanpe Ugarte xextogileari, omenaldi berezia

Barrenetxea ez zen izan, atzo, Galarretan txapela jantzi zuen bakarra: omenaldi berezia egin zioten Juanpe Ugarteri, orain arte Galarretako xextogilea izan denari, finalaren aurretik. 44 urteko ibilbidean 13.000 xexto inguru egin izana eskertu zioten oroigarri batekin, eta bere amak jantzi zion txapelarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!