Zikuñagako Amaren omenez, meza gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 12a, 00:00

Elizkizuna egingo dute Zikuñagako eskoletan, goizeko 11:00etan; eta Ozenki abesbatzak hartuko du parte.

Izatez, festa giroan behar zuen Zikuñaga auzoak, asteburu honetan. Baina osasun egoerak hala eskatuta, ez da auzoko jairik izango aurten ere, bigarren urtez jarraian. Horregatik espero du Zikuñagako Ama auzo elkarteko jai batzordeak, datorren urtean «gure jaiak familian ospatzeko aukera izatea», eta bueltan izatea «alaitasun egunak».

Baina ez dira hutsean igaroko, aurtengo egun seinalatuak ere: Zikuñagako Amaren omenezko meza egingo dute auzoko eskoletan, gaur bertan, goizeko 11:00etan hasita.

Ez da elizkizun arrunta izango, gainera: Ereñotzuko Ozenki abesbatzak ere hartuko du parte bertan, eta zenbait abesti eskainiko dizkie bertaratuei.

Berezia izateko beste motiborik ere badauka mezak: martxan dira Zikuñagako Amaren ermita berreraikitzeko obrak, auzoaren goiko aldean; eta bi hilabete inguruko epean egongo dira bukatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!