Kulturarteko Plaza Feminista inauguratuko da gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00
Fátima Fernández, Xabier Lertxundi, Itsaso lekuona eta Irantzu Jauregi atzoko aurkezpenean.

Eguerdiko 11:30etan hasiko da ekitaldia Floridan eta batukada feminista, sokadantza herrikoia eta musika emaldi bat egongo dira.

Kulturarteko Plaza Feministaren birgaitutako eraikina gaur inauguratuko da ofizialki Floridan, 11:30etan. Ekitaldian batukada feminista, sokadantza herrikoia eta musikarentzako tartea egongo dira. Kulturarteko Plaza Feministaren funtzioa eta birgaitzeko prozesu guztia nolakoa izan zen azaldu zuten atzo Xabier Lertxundi alkateak, Fátima Fernández Amherrreko arduradunak, Itsaso Lekuona Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun zinegotziak eta Irantzu Jauregi Udaleko Berdintasun eta Kulturartekotasun arloko arduradun teknikoak.

Itsaso Lekuonak gaurko ekitaldia aurkeztu zuen eta urtean zehar 09:30etatik 21:30etara irekita egongo dela adierazi zuen. «Bertan ikastaro ezberdinak, jabetze eskolak, erakusketak eta aholkularitza zerbitzu ezberdinak ere egongo dira».

Xabier Lertxundik azpimarratu zuen urteetako prozesua izan dela. «Konpromiso politiko baten emaitza da eta  emaitzaz aparte garrantzitsua izan da batez ere eraikitzeko forma bera ere bai. Eragileekin batera birgaitu da etxea. Hasierako ideia aldatzen joan da eta emakumeen etxea izango zena Kulturarteko Plaza Feminista bihurtu da». Irantzu Jauregik esan zuen bezala «aitzindaria eta berritzailea» dena. «Gipuzkoan sortu zen bigarren Berdintasun Saila Hernanikoa izan zen».

Emaitza ez zen berdina izango prozesua gauzatu izan ez balitz Lertxundiren esanetan. «Herritarrentzako gune bat da. Udalak eta eragile ezberdinek berdintasun alorrean eta kultur aniztasunaren alorrean elkarlanean aritzeko gune bat da».

Balore ezberdinak jasotzen ditu eta «herriko mugimendu feministak izan duen bilakaeraren emaitza ere bada» adierazi zuen Irantzu Jauregik. «Mugimendu feministari oso lotua egon da. Kontseilua sortu zela 20 urte dira eta prozesu horri lotua dago».

Erreferentzia espazio bat eskatzen zen eta Plaza Feministatik, Kulturarteko Plaza Feministara igaro dira. «Mugimendu feministaren eragile ezberdinentzako espazioa».

Ez hori bakarrik Amher-SOS Arrazakeriak taldeak ere bere lekua bertan izango du eta horregatik hartu du Kulturarteko izena. Fátima Fernándezen esanetan «harrerak egiteko ere erabiliko da eta elkargunea izango da denentzako. Arrazakeriaren aurka eta berdintasunaren bidean herritarron espazioa bihurtzea da erronka».

Azpimarratzekoa da baita ere eraikina Basic house bat dela. Kontsumo energetiko oso oso txikia behar duen eraikin bat. Mota honetako iniziatiba publikoko Gipuzkoan dagoen lehenengo eraikina da eta Euskal Autonomi Erkidegoko hirugarrena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!