Barrenetxea IV.ak bigarren txapela nahi du

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

Javier Urriza eta Endika Barrenetxea, material aukeraketa egunean.

Javier Urrizaren aurka jokatuko du bere hirugarren finala Buruz Burukoan eta orain bi urte lortutako txapela berreskuratu nahi du. Jaialdia 15:15etan hasiko da eta final haundia eguneko bigarren partidua izango da. 

Endika Barrenetxea erremontistak gaur bere hirugarren final haundia jokatuko du Buruz Buruko Txapelketan. Aurkaria Javier Urriza iruindarra izango du atzelari hernaniarrak eta bien arteko hirugarren finala da txapelketa garrantzitsuenean. 


Pasa den urtean, Barrenetxeak ez zuen txapelketa ona jokatu eta finaletik kanpo geratu zen ligaxkan. Orain bi urte irabazi zuen txapela hernaniarrak, Urriza 30-27 gainditu eta gero. Iruindarraren bolada ona apurtu zuen, honek lau txapela jarraian irabazi eta gero. 2016an jokatu zuten bien arteko aurreneko finala Buruz Burukoan eta orduan Urriza gailendu zen 30-21.


Barrenetxeak Aritz Zubiri goizuetarra izango du botillero eta Urrizak Seve Arcelus. Asteartean aukeratu zituzten finalerako pelotak eta biak gustora geratu ziren.  Barrenetxearenak biziagoak izango dira. «Ez dut materiala aukeratu estrategia jakin baten arabera. 0-10eko eskala egin beharko balitz, nireak 8,5 izango lirateke bizitasunean». Urrizari irabazteko, dena alde izan beharko duela uste du.  «Dena ondo egin behar dut, horregatik gustokoak ditudan pelotak aukeratu ditut».

«Bion arteko finalak erremontearen historian gogoratuko direla pentsatzeak asko betetzen nau»
Badaki Urrizari irabaztea zaila izango dela. «Nahiz eta errebotera bota, Javik erdiak baino gehiago bueltatuko dizkit eta horietatik hamarretik zazpi bizi iritsiko zaizkit. Horregatik pelotakada bat gehiago eman eta gainera arriskatu egin beharko dela tantoa amaitzeko pentsatu behar da. Arriskatzen denean gerta liteke asmatzea edo ez».


Buruz Burukoan eta Masterrean lortu zuen hernaniarrak irabaztea eta ilusioa egiten dio Barrenetxea eta Urrizaren arteko partiduak oroitzekoak izatea. «Gehien betetzen nauena pelotari bezala da ikustea gure arteko finalak erremontearen historiaren kapitulu garrantzitsu bat ari direla bihurtzen. Koteto Ezkurra, Lizaso eta Zeberioren arteko final haiek geratu dira erremontearen historian asko jokatu zirelako. Gure artekoa horrela geratzen ari dela uste dut, jendeari 'morboa' sortzen dio guri bata bestearen aurka ikusteak eta gehien betetzen nauena hori da. Egun hori berarekin bizitzea, galdu edo irabazi, berezia da».


Gaurkoa bien arteko desenpatea izango da finaletan eta Barrenetxea bera finalerdietan ere birritan geratu izan da kanpoan Urrizak gaindituta. «Masterrean ere partidu dezente jokatu ditugu bata bestearen kontra. Urte ezin hobea darama,  jokaturiko txapelketa denak irabazi ditu eta ea azkenengo honetan gainditzen dudan».


Ligaxkan jokatu zuten partiduarekin alderatuta konfiantza gehiagorekin dagoela aipatzen du Barrenetxeak. «Ongi somatzen naiz fisikoki, xextoarekin ongi aurkitzen naiz, jokoarekin nago eta galtzeko gutxi dudala uste dut. Denborarekin esperientzia lortu dut kantxan eta beste lasaitasun bat daukat jokatzeko garaian. Gehiago gozatzen dut partiduetan eta gaitasuna daukat partiduan zehar zer egin behar dudan pentsatzeko garaian. Larunbatean disfrutatzera aterako naiz kantxara, bestetan urduriago egoten naiz».

«Errestoan ausarta izan behar dut», dio Urrizak
Javier Urrizak final asko jokatu arren, hamar dira jarraian Buruz Burukoan, finala beti da berezia eta gogo biziz aurkitzen da. «Urteko helburu nagusia final honetan egotea da eta birentzako bakarrik dago lekua. Ilusioa mantentzen dut». 


Barrenetxearen sakeak min ez egitea izango da bere lehendabiziko helburua. «Errestoan ausarta izan behar dut, sakatzaile ona da beraz tanto asko egiten badizkit, nire sakearekin aurre egin beharko diot eta balantzea parekatu. Hortik aurrera peloteoan menderatzen saiatuko naiz. Bat gehiago eramaten saiatuko naiz, hori da nire jokamoldea».  

 

BURUZ BURUKOA
PALMARESA
1944 Abrego I.a 
1952 Areso  
1981 Intxauspe 
1986 Agerre
1987 Intxauspe 
1988 Mujika I.a 
1989 Matxin II.a 
1990 Matxin II.a
1991 Mujika I.
1992 Matxin II.a
1993 Aizpuru 
1994 Matxin II.a
1995 Ezkurra
1996 Ezkurra
1997 Ezkurra 
1998 Ezkurra 
1999 Ezkurra
2000 Lizaso 
2001 Ezkurra 
2002 Ezkurra 
2003 Eizagirre
2004 Ezkurra
2005 Ezkurra 
2006 Zeberio 
2007 Zeberio 
2008 Urrutia 
2009 Urrutia 
2010 Ezkurra 
2011 Ezkurra 
2012 Urriza 
2013 Urriza 
2014 San Miguel 
2015 Urriza
2016 Urriza
2017    Urriza
2018 Urriza 
2019 Barrenetxea IV.a 
2020 Urriza


TXAPELAK
11 Ezkurra
7 Urriza
4 Matxin II
2 Mujika I
2 Zeberio II 
2 Intxauspe
2 Urrutia I
1 Lizaso 1
1 Eizagirre 
1 Aizpuru 
1 Abrego 
1 Areso 
1 San Miguel 
1 Barrenetxea IV 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!