Bigarren eskuko azoka gaur, Urbieta kalean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

Bigarren eskuko azoka, joan den uztailean.

Enrike Larrarteren liburuak ere jarriko dituzte salgai, eta eskuratutako dirua Angel Olaranen proiektuetara bideratuko da. 

Urbieta kalea postuz beteko da gaur, bigarren eskuko azokan. Ohi bezala, goiz osoan izango da aukera postuak ikusteko eta erosketak egiteko. Gainera, oraingo honetan, mahai berezi bat izango da. Izan ere, Enrike Larrarte Arregi zenaren liburuak jarriko dituzte salgai, Liburu bat, euro bat lelopean. Salmentan bildutako diru guztia izango da Angel Olaran hernaniarrak Wukron egiten dituen proiektu solidarioei laguntzeko.  
 
Horrekin batera, une honetan laguntza eskuratzea ezinbestekoa dela azaldu dute. Hain justu, Olaran, Aita zuria, Hernanin dago orain. Euskal Herrian harrapatu zuen Etiopiako gerraren hasierak, eta ordutik ezin izan du Wukrora bueltatu. Hori horrela, ohartarazi dute Wukron «inoiz baino gehiago» behar dutela laguntza; eta, horregatik, herritarrei azokara bertaratzeko deia luzatu diete.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!